Sanchez ez da joango Trumpek NBEren Batzar Nagusian egingo duen harrerara
Gonbidatu duten arren, Sanchez ez da joango Batzar Nagusian parte hartuko duten estatuburuei eta gobernuburuei egingo zaien harrerara, "agenda arrazoiengatik".
Pedro Sanchez eta Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ez da joango Donald Trump presidente estatubatuarrak Nazio Batuen Erakundearen urteroko Batzar Nagusian parte hartuko duten gobernuburu eta estatuburuei egingo dien harrerara, New Yorken. Espainiako Gobernuko iturrien arabera, agenda arrazoiengatik hartu du ez joateko erabakia Sanchezek.
Gauzak horrela, gonbidatu duten arren azkenean Sanchezek ez du harreran parte hartuko. NBEren Batzar Nagusiaren harira, urtero hartu ohi ditu presidente estatubatuarrak munduko txokoetatik joandako gobernuburu eta estatuburuak.
Aipaturiko harrera arratsaldean egingo da eta Sanchezen agenda ofizialaren arabera, ordu horretan ez dauka ekitaldirik.
Sanchez ez zen joan iazko harrerara, ezta 2024an Joe Biden orduko presidenteak egindakora ere, ordu berean NBEren Batzar Nagusian parte hartu behar zuelako.
Trumpen harreran ez, baina NBEko Batzar Nagusiaren irekiera ekitaldira joan egingo da, Sara Aagesen hirugarren presidenteordearekin eta Jose Manuel Albares Atzerri ministroarekin batera.
Aurrez, Andy Burham Erresuma Batuko lehen ministroarekin bilduko da, eta, ondoren, Gloria Steinem idazle eta kazetariari egingo zaion omenaldian parte hartuko du.