ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Merzek sozialdemokratekin koalizioa mantenduko duela agindu du, "Alemaniaren etorkizun demokratikoagatik"

Era berean, Alemaniako kantzilerrak hitzeman du bere Gobernuak berehala hartuko dituela neurriak Ezkerra alderdiak Berlinen iragarritako desjabetzeak galarazteko. Kanpainan, alderdi horrek agindu zuen higiezin agentzia handien etxebizitza-parkeak nazionalizatu egingo dituela agintera iritsiz gero. 

Friedrich Merz
Friedrich Merz, gaur, prentsaurrekoa Berlinen. Argazkia: Europa Press

Alemanian atzo egindako hauteskundeetan CDU alderdiak izandako emaitza txarren ondoren, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak agindu du sozialdemokratekin duen koalizioari eutsi egingo diola, "Alemaniaren etorkizun demokratikoa" jokoan dagoelako.  

Merz kantzilerraren CDU alderdia ez zen botoen % 5era iritsi; Ezkerrak irabazi zuen Berlinen, eta AfDk lortu zuen garaipena Mecklenburg-Aurrepomeranian.  Ipar-ekialdeko estatu horretako Parlamentutik kanpo geratu da CDU.

Arratsaldean alderdiko zuzendaritzarekin bildu ondoren, hedabideen aurrean agerraldia egin du kantzilerrak eta "Alemaniak aurrez aurre dituen erronkei heltzeko" prest agertu da, orain arteko gobernu formularekin.

Oposiziotik, Merzen dimisioa eskatzen ari dira, eta zabaldutako hainbat informazioren arabera, alderdikideen artean ere hasi dira buruzagiak kargua utz dezala eskatzen.

Bestalde, Alemaniako kantzilerrak hitzeman du bere Gobernuak berehala hartuko dituela neurriak Ezkerra alderdiak Berlinen iragarritako desjabetzeak galarazteko. Kanpainan, alderdi horrek agindu zuen higiezin agentzia handien etxebizitza-parkeak nazionalizatu egingo dituela agintera iritsiz gero. 

"Muturreko alderdiek promesa faltsuak egiten dituzte, eta horrek ziurgabetasuna eragiten du gizartean", esan du Merzek. 

Aitortu du azkeneko bozen ondoren, herrialdea "inflexio-puntu batean" dagoela. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X