BETOA PRENTSARI
Gorde
Kendu nire zerrendatik

AEBko hedabide nagusiek uko egin diote Etxe Zuriko ekitaldien berri emateari, CNNri ezarritako betoaren ostean

ABC, CBS, CNN, Fox News eta NBC kateek ez dituzte jarraituko Etxe Zuriak deitutako ekitaldiak, Trumpek hainbat hedabide kritikori ezarritako betoa salatzeko.

CNN veto donald trump

Kazetari bat Etxe Zuriaren atarian kronika grabatzen, Trumpen betoaren ostean. Argazkia: Europa Press

Ameriketako Estatu Batuetako telebista-kate nagusiek erabaki dute Etxe Zuriaren ekitaldien berri ez ematea. ABC, CBS, CNN, Fox News eta NBC dira erabaki hori hartu dutenak, Donald Trump AEBko presidenteak CNN, MS NOW eta Politico hedabideei joan den astean ezarritako betoa salatzeko.

Bryan Boughton Fox News kateko Washingtongo arduradunak harpidedunei igorritako mezuak dio "gaurtik" ez dituztela jarraituko presidente estatubatuarraren deialdiak.

Bost kateok lankidetza-hitzarmena dute izenpetuta, eta txandaka grabatzen dituzte Etxe Zuriaren ekitaldiak, ondoren gainerako hedabideei zabaltzeko. Tokiko zein nazioarteko hainbat komunikabideetara ere zabaltzen dute informazioa. 

Mezuan, Boughtonek azaldu du bere kazetariari Etxe Zurira sartzea debekatu zaiola, eta horren ondorioa dela hartutako erabakia. "Herritarrek eskubidea dute euren Gobernuari buruzko informazio zehatza eta independentea jasotzeko. Inongo administraziok ez lioke betorik jarri behar hedabide bati, informazioarekin kritiko izateagatik", adierazi du. 

Salaketa

Betoa jarri dieten hiru hedabideek gaur salaketa jarri dute Trumpen Administrazioaren aurka. Horien arabera, arrazoirik eman gabe kendu diete Etxe Zurira sartzeko baimena. "Presidenteak gure informazioa gustuko ez izatea da argudio bakarra", esan dute. 

Betoaren berri jakin zenean, Trumpek sare sozialetan idatzi zuen CNN, MS NOW eta Politico "etengabe albiste faltsuak zabaltzen" ari direla, eta hori ez dela onargarria. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X