PRENTSA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Etxe Zuriak Trump TV kanala estreinatu du, AEBko hainbat komunikabideri betoa jarri ostean

Donald Trumpen gobernuak streaming plataforma berria martxan jarri du CNN, MS NOW eta Politico hedabideei Etxe Zurira sarrera debekatu ostean, "albiste faltsuak" zabaltzea eta segurtasun nazionalari kalte egitea egotzita.

Etxe Zuriak Trump TV sortu du, AEBko hedabideei betoa jarri ostean

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Trump TV YouTubeko kanal propioa kaleratu du, astelehen honetan. Emisioak hainbat komunikabideri betoa jarri ostean sortutako polemikaren korapiloan hasi dira; izan ere, buruzagi errepublikanoak bere buruari eta Administrazioari buruzko "albiste faltsuak" argitaratzea leporatzen die hedabide horiei.

"Zuzenean gaude. Trump TV streamingean dago dagoeneko", esan du Etxe Zuriak sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Bertan azpimarratu dutenez, plataformak etengabe emitituko du eta "iragarkiak", "iraganeko une gogoangarriak" eta "Administrazioaren azken berriak eta edukirik onena" bilduko ditu. "Dena leku bakar batean", adierazi du.

Lehen emisioa Donald Trumpek uztailaren 3an Rushmore mendian emandako hitzaldia izan da, Estatu Batuen independentziaren 250. urteurreneko ekitaldien barruan. Estreinaldia Etxe Zuriko informazio-zerbitzu bateratua egiten duten telebista kateek euren jarduera eten duten egun berean iritsi da, Trumpen Administrazioak CNNri seinalea grabatzea eragotzi baitzion.

Trumpek asteburuan iragarri zuen Etxe Zurira sartzea debekatuko ziela CNN eta MS NOW kateei eta Politico egunkari digitalari. Erabaki horren aurrean, CBS, FOX News, NBC eta ABC kateek elkartasuna adierazi zioten CNNri eta jarduteari utzi zioten. Bost kateek txandaka grabatzen dute presidentea, eta euren irudiak tokiko zein nazioarteko gainerako hedabide guztiei helarazten dizkiete; beraz, gatazka hau dela medio, Etxe Zuriko ekitaldiak audio gabe edo baliabide oso eskasekin emititzen ari dira.

Polemika honek bide judiziala hartu du; izan ere, betoa jasan duten hiru hedabideek (CNN, MS NOW eta Politico) salaketa bateratua jarri dute Donald Trump presidentearen eta bere Administrazioko goi-kargudunen aurka.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X