Frantzia eta Alemania tirabiran, Europar Batasuneko izendapenak direla eta
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Manfered Weber Europako Alderdi Popularreko zerrenda burua izendatu nahi du Europako Batzordeko presidente moduan Jean Claude Junckerren postua hartzeko. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta liberalek, berriz, Weberrek esperientzia nahikoa ez daukala uste dute.
Bart, Europako Parlamentuko lau talde nagusienetako buruzagiek egindako bilera akordiorik gabe amaitu da. Talde handiena izanda, popularrek uste dute beraiei dagokiela Europako Batzordeko presidentetza. Baina beste taldeek ez dute onartzen automatismo hori, eta beren hautagaiei eusten diete. Sozialistek Frans Timmerman holandarra defendatzen dute, eta liberalek Margrethe Verstager daniarra.
Jean Claude Junckerren postua betetzeko beste izen batzuk ere entzuten dira: Michel Barnier brexit-aren negoziatzailearena eta Guy Verhofstadt Belgikako lehen ministro ohi eta liberalen taldeko buruarena.
Baina Europako Batzordeko presidentetza ez ezik, beste izendapen batzuk ere badaude jokoan. Hain zuzen ere, Europako Parlamentuko presidentearena, Europako Kontseilukoa, Banku Zentralekoa eta Atzerri Politikarako Goi Ordezkariarena.
Azkenean, pakete oso batean negoziatuko dute jatorri politikoa, herrialdea eta sexua kontutan izanda oreka zainduz.
Negoziaketak zailak eta korapilotsuak dira. Hori dela eta, gaur eta biharko goi-bileran akordiorik lortzeko gai ez badira, uztailaren bata erreserbatu dute, beste goi-bilera berezi bat egiteko.
Uztailaren 2an Europako Parlamentu berria eratzen denez, ordurako izendapen gehienak adostuta izan beharko dute.