Istanbulek Erdogan geldiarazi du
Turkiako presidentearentzat, Erdoganentzat, Istanbulgo Alkatetza galtzea kolpe gogorra da. Istanbul Turkiako hiri nagusia da, bai biztanleria eta bai ekonomia arloan ere. Hiri kosmopolita da, Erdoganen islamiartze asmoei eusten diena.
Istanbulek argi utzi du hiri irekia izaten jarraitu nahi duela Imamoglu bigarrenez alkate aukeratuta. Imamogluk, duela hiru hilabete, alde txikiarekin irabazi zituen hauteskundeak, baina berriz egin behar izan dituzte Erdoganen alderdiak emaitzak inpugnatu ostean. Eta orain, Imamogluk alde handiagoarekin irabazi dio Erdoganen alderdiko hautagaiari.
Erdoganentzat mingarria da hori, Istanbulgo alkate izan zelako eta horrek presidente kargua lortzea erraztu ziolako. Baina, horrez gain, garaipenak indarra eman dio Herriaren Alderdi Errepublikazaleari, Imamogluren alderdiari; uneotan Erdoganen oposizio nagusia den alderdi laikoa da.
Ezin da ahaztu, halaber, kurduek jokatu duten papera: ia bi miloi dira Istanbulen Imamogluren aldeko botoa eman dutenak, Erdogan izorratzeagatik.
Ez gaitezen engainatu: Erdoganek botere handia izaten jarraitzen du, baina bere islamiartze politikak frenoa aurkitu du Istanbulen.