Protestak Txilen
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Dagoeneko 18 pertsona hil dira Txilen, azken egunetan izandako istiluetan

Halaber, metroko txartelen prezioaren igoeraren aurkako protestak hasi zirenetik 102 manifestari zauritu dira herrialdean, eta 969 atxilotu daude.
Protestak Txilen, metroaren prezioaren igoeraren aurka. Argazkia: EFE

Gutxienez 18 pertsona hil dira Txilen azken egunetan, Santiagoko metroko txartelen prezioaren igoeraren aurkako protestetan, manifestarien eta segurtasun indarren artean izandako istiluetan, Rodrigo Ubilla Txileko Barne idazkariordeak jakinarazi duenez.

Ubillak azaldu duenez, asteartean hildakoak 15 baziren ere, azken orduetan beste hiru pertsona hil dira, eta, ondorioz, gora egin du hildako zibilen kopuruak. Zehazki, baimendutako alkohol-tasa gainditu duen auto gidari batek bi manifestari harrapatu ditu San Pedro de La Paz hirian, tartean 4 urteko haur bat. Beste manifestari bat Maipu hirian hil da, antza denez, poliziak jipoituta. Testuinguru horretan, Fiskaltzak ikerketa abiatu du, hilketa horien nondik norakoak argitzeko asmoz.

Halaber, protestak hasi zirenetik 102 manifestari zauritu dira herrialdean, Puente Alton tirokatu zituzten eta larri dauden bi zibilak barne. Horrez gain, 95 polizia artatu dituzte.

Bestalde, 2.205 atxilotuetatik 969 espetxean jarraitzen dute, eta Santiago, Concepcion eta Valparaiso hirietan ezarritako etxeratze agindua urratzeagatik atxilotutako manifestariak 438tik 592ra igo dira.  

Ubillak esan duenez, manifestariek manifestazio gehiago deitu dituzte metroaren txartelen prezioaren igoeraren aurka. Hala, asteartean, aurreko egunean baino 54 manifestazio gehiago izan ziren herrialdean. Testuinguru horretan, parte-hartzaile kopuruak ere gora egin du, 130.000tik 220.000ra, hain zuzen ere.

Torturak

Giza Eskubideen Institutu Nazionalak (INDH) bost kereila aurkeztu ditu militarren edo Txileko karabineroen aurka, bost pertsona hiltzea leporatuta. Erakundeak jakinarazi du egunotan tortura eta irainen inguruko salaketak jaso dituela, besteak beste, atxilotutako pertsonei egindako gehiegikeriengatik.

Salaketa horien inguruan galdetuta, Ubillak azpimarratu du erakundeek “salbuespen zein normaltasun egoeran oztoporik gabe” jarduten dutela, INDHri eta agintari judizialei aipamen eginez. "Erantzunak izatea espero dugu", gaineratu du.

Hala, Sebastian Piñera Txileko presidenteak gizarte desberdintasunengatik barkamena eskatu eta horri aurre egiteko neurri sorta berezia iragarri ostean, herrialdeak "normaltasunari dagokionez aurrerapauso bat" eman duela nabarmendu du Txileko Barne idazkariordeak.

Hala, supermerkatu eta gasolindegi gehienek ateak irekitzeaz gain, kutxazain automatikoak erabilgarri daudela eta metro zerbitzua partzialki berrezarri dutela gaineratu du Ubillak. "Protestak ez du inolako eraginik izan argi, ur eta gas horniduran", azpimarratu du.

Greba orokorra

Langileen eta ikasleen sindikatuek, ordea, greba nazionala deitu dute, Piñerak elkarrizketarako egin zuen deiari entzungor eginez.

Hezkuntza eta osasun arloko ikasle eta langileek iragarri dute lanuztearekin bat egingo dutela gaur. "Greba-deialdiarekin bat egiteko gonbita luzatzen diegu herritar guztiei. Bakea nahi dugu, baina bake iraunkorra justizia sozialarekin baino ez dator", esan du Barbara Figueroa CUTeko presidenteak, Reuters albiste-agentziak aipatuta.

Zure interesekoa izan daiteke

berlin_zauritua efe
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gizon bat atxilotu dute Berlinen turista bilbotar bati egindako erasoaren egileari ustez laguntzeagatik

Erasoa iazko otsailean gertatu zen Europako Hildako Juduen Monumentuaren ondoan. Biktima, Bilboko 30 urteko gazte bat, erasotik bizirik atera zen Alemaniako hiriburuan hainbat egun ospitalean eman ondoren. Erasoaren egileari 13 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten martxoan, hilketa saiakera, lesio larriak eta Estatu Islamikoaren kide izatea egotzita, eta orain arte ez da ezagutu ustezko laguntzaile baten existentzia.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Porrota Enhanced Games txapelketan: milioika dolar saritan eta dopin librea, ofiziala izango ez den errekor bakar baten truke

Enhanced Gamesek, substantzia debekatuak erabiltzea baimentzen zuen kirol-esperimentu polemikoak, kale egin du. Kristian Gkolomeev igerilariak lehiaketaren errekor bakarra lortu du: milioi bat dolar irabazi du, baina bere errekorra ez da ofiziala izango. 42 parte-hartzaileetatik 38k dopatzeko substantziak erabili zituzten: % 91k testosterona eta % 71k giza hazkundearen hormona. Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak eta federazioek atleten osasunerako arriskuaz ohartarazi dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X