EBk Bielorrusiako hainbat hegazkin konpainia eta bidaia enpresa zigortu ditu migrazio krisiarekin lotuta
Azken orduotan, Europar Batasunak zigor sorta berria ezarri dio Bielorrusiari. Bosgarren zigor sorta honetan Bielorrusiako hegazkin konpainiak eta bidaia enpresak jarri ditu jomugan, pertsona migratzaileak erabiltzeagatik.
Zehazki, pertsona migratzaileei Bielorrusiak Polonia, Lituania eta Letoniarekin dituen mugetara joaten laguntzea leporatzen die EBk enpresa horiei.
Bielorrusiako zenbait hotel, bidaia antolatzaile eta Belavia hegazkin konpainia nazionala daude zigortuen artean, baita charter hegaldiak antolatzen dituen Siriako enpresa bat eta pasaporteak eta bisak errazten dituen Turkiako beste bat ere.
Europar Batasunaren arabera, Aleksandr Lukashenkoren gobernuari lagundu diote pertsona migratzaileak helburu politikoetarako erabiltzen.