Ukrainako gerra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskadik errefuxiatu ukrainarrentzako hiru arreta gune martxan jarriko ditu asteburu honetan

Era berean, 945 222 222 arreta telefonoa martxan jarri dute dagoeneko. Zerbitzua 09:00etatik 22:00etara eskainiko du.
Irudia: Bizkaiko Gurutze Gorria
Irudia: Bizkaiko Gurutze Gorria

Eusko Jaurlaritzak, Gurutze Gorriarekin lankidetzan, hiru arreta gune martxan jarriko ditu asteburu honetan, Euskadi heltzen diren aurreneko errefuxiatu ukrainarrak aurrez aurre artatzeko.

Era berean, 945 222 222 arreta telefonoa martxan jarri dute dagoeneko. Zerbitzua 09:00etatik 22:00etara eskainiko du.

Gurutze Gorriak hiru hiriburuetan dituen egoitzak izango dira martxan jarriko dituzten hiru arreta guneak; izan ere, Eusko Jaurlaritzako zerbitzuak itxita daude larunbat eta igandeetan, Gizarte Politikarako Saileko iturriek baieztatu dutenez.

Asteburuan arreta zentro horien funtzionamendu aztertu ondoren, Euskadira iristen diren errefuxiatuak aurrez aurre artatzeko beharrezko baliabideak aztertuko ditu Sailak.

Iturrien arabera, Euskadira heltzen ari diren aurreneko errefuxiatuek baliabide propioak eta babes sareak (senideak, ezagunak, lagunak) dituzte, baina laguntza eta informazioa behar dezakete. Horregatik, hiru arreta guneak zabaltzea erabaki dute.

Egoitzak 10:00etatik 18:00etara zabalik egongo dira. Beharrizan zehatzak artatzea ahalbidetuko dute, erakundeekin eta entitateekin lankidetzan, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu duenez.

Laguntza uzteko tokiak

Bestalde, Ukraina-Euskadi Garapenerako Lankidetza elkarteko boluntarioek elikagaiak, osasun materiala eta oinarrizko beharretarako produktuak jasotzeko gune bat prestatu dute Bilboko Georgia kalean eta "kolapsatu" egin da jendearen erantzunari esker.

Bilboko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, "jende-oldea" Georgia kalera joan da ibilgailuetan laguntza uztera, Larreagaburu auzoan. Ondorioz, Indalecio Prieto eta Miraflores kaleak "lepo" daude.

Udaltzaingoak eta elkarteak "gainezka" daudela ohartarazi dute. Arropa gehiago ez dute hartuko, janari, mantak eta lo-zakuak soilik onartuko dituzte aurrerantzean.

Boluntarioen asmoa kamioilari ukrainarrek produktuak Poloniako mugara arte eramatea da, bertatik Ukrainako muga zeharkatzeko.

Elkarteak materiala jasotzeko beste gune batzuk jarri ditu Euskadin. Horrela, Gasteizen, Slavianka denda (Esperantza kalea, 2) eta Jundiz Kaleko Betizu tailerrak arduratuko dira. Donostian, Jaizkibel kaleko 6 zenbakian hartuko dute laguntza.

Era berean, Erandioko Feron Europe Group; Zaratamoko Iragorriti poligonoa; Laudioko Mimitos denda; Astigarragako Gaurko Tek Akademia; Irungo Slavianka denda eta Pentecontes parrokia edo Eibarko Beheko Tokia eta Jubilatuen Etxean produktuak uztea posible da.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X