Errusiako tropak Kievetik 25 kilometrora daude, Britainia Handiko inteligentzia zerbitzuen arabera
Kievetik gero eta gertuago daude Errusiako tropak. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak ohartarazi duenez, "tropa errusiar gehienak hiriaren erdigunetik 25 kilometrora daude dagoeneko, ipar-mendebaldean izandako borroka gogorren ostean. Hiriburura hurbiltzen ari zen ibilgailu militar errusiarren ilara handia "sakabanatu egin da", eta badirudi "hiria inguratzeko saiakera" hastear dagoela, Ministerioaren kalkuluen arabera.
Vitaliy Klitxko alkateak mezu bat argitaratu du Telegramen: "Lagunak! Kievtar maiteak! Hiriburua defentsarako prestatzen ari da. Kontrol-puntuak indartzen jarraitzen dugu. Produktu, sendagai eta premia handiko ondasunen erreserbak sortuz ".
Kieven autobusak badabiltzala eta tren geltokian erreskate taldeek jendea hartzen dutela ere jakinarazi du. Kievetik irten nahi dutenek trenez egin dezaketela ere gaineratu du. "Trenez bidaltzen ditugu Ukrainako mendebaldera".
Errusiako armadak aire erasoak areagotu ditu, gainera, azken orduetan Kieven. Alde batetik, Errusiako armadak "petrolio biltegi" bati eraso egin dio Vasilkiv inguruan eta "produktu izoztuen biltegi bat" Kvitneve herrixkan, Brovary barrutian, Ukrainaren arabera; eta "aerodromo militar bat Vasilkiven eta Ukrainako indar armatuen inteligentzia elektronikoko zentro nagusia Brovaryn" Errusiako Defentsa Ministerioaren bozeramailearen arabera.
Kiev iparraldean, Txernihiven, ur eta argindar hornidurarik gabe utzi dituzte errusiarren bonbardaketek eta herritarrek ez dute gasik eta berokuntza-sistemarik ere, Viatxeslav Chaus Eskualde Administrazioko buruak Facebookeko bere profilean idatzi duenez.
"Etsaiak aire eta misil erasoak egiten jarraitzen du. Herritarrak hiltzen ari da. Atzo, bonba bat erori zen Ukraina Hotelean. Dagoeneko ez dago hotelik, baina Ukraina gailentzen ari da eta borrokan jarraitzen du ", esan du Chausek. "Gure egitekoa da Putin zital eta zoro horrek Uraletako bunkerrean pozoia irensten duela ziurtatzea", idatzi du. "Orain ez dago argindarrik Txernihiven, eta ia ez dago gas, ur eta berogailurik. Uste dut gaur berrazarriko dugula energia hornidura" gehitu du.
Mykolaiv hiriak ere bonbardaketa gogorrak jasan ditu hego-mendebaldean, eta artilleria zein aireko eraso gehiago ere izan dira Nikolaev, Dnipro eta Kropyvnytski hirietan, Ukrainaren erdialdean.
Errusiako Armadaren erasoak ostiralean, lehen aldiz, Europar Batasuneko mugetatik gertura zabaldu ziren, eta larunbat honetan baieztatu dute erabat suntsituta geratu dela Lutskeko aerodromo militarra, Poloniatik gertu.
Ukrainako agintariek baieztatu dute Luhansken % 70 Errusiaren kontrolpean dagoela
Bestalde, ekialdean, Luhansk eskualdearen % 70 inguru Errusiako tropen esku dago jada, Sergei Haidai gobernadoreak larunbat honetan jakinarazi duenez.
Gatazka bizia dago eskualdean duela 8 urtetik, Ukrainaren aldekoen eta Ukraniatik banantzean aldekoen artean. Eremua zatituta egon da kontaktu-lerro baten bidez, Errusiaren inbasiora arte.
Ukrainak salatu du meskita bat bonbardatu dutela errusiarrek Mariupolen
Bestalde, Ukrainako agintariek salatu dutenez, indar errusiarrek meskita bat bonbardatu dute Mariupol hirian larunbat honetan. 80 pertsona zeuden bertan babestuta baina oraingoz, ez da biktimen berririk.
Soliman Handia sultanaren meskitak gutxienez jaurtigai baten kolpea jasan duela jakinarazi du Ukrainak Turkian duen enbaxadak. Izan ere, bertan babes hartutakoen artean, turkiako herritarrak zeuden.
Gerra fronte bortitzenetakoa da une honetan Mariupol.
Mariupolen korridore humanitario berriak irekiko dituztela iragarri dute
Irina Vereschuk Ukrainako Donetsk eta Luhanskerako ministroak iragarri duenez, korridore humanitario berriak irekiko dituzte zibilak ateratzen saiatzeko, berriz ere, eta laguntza humanitarioko konboia ere bidaliko dute Mariupolera.
Korridore berri gehienak Kieven edo inguruetan amaituko dira, eta Pologi, Gostomel, Mikulitxi, Andrivka, Makarov, Borodianka, Trostyanets, Sumy, Lebedin, Konotop, Velyka Pisarevka eta Krasnopoletik abiatuko dira.
Errusiarrek hamar korridore humanitario ireki zituen ostiralean Kiev, Txernihiv, Sumy, Kharkiv eta Mariupoletik Errusiara, eta bat Kieveko agintariek kontrolatutako lurraldeetatik mendebalderantz, Polonia, Moldavia eta Errumania aldera. Proposatutako 10 bideetatik bi bakarrik adostu zituzten ukrainarrekin: Kiev eta Mariupolen norabideetan.
Aldi berean, Ukrainako agintariek ere beste lau korridore gehiago iragarri zituzten Izyum, Energodar, Volnovaja hirietatik eta Zitomirretik. Errusiako agintarien oniritzia jaso zuten.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak (CICR) joan den asteburuan baieztatu zuen porrot egin zuela zibilak Mariupol hiritik ateratzeko bigarren saiakerak, eta porrotaren arrazoia gatazkaren aldeen arteko akordio "zehatz eta funtzionalik eza" izan zela esan zuen; hiria defendatzen duten Ukrainako indarrak eta Errusiaren aldeko Donetsk errepublikako miliziak ez zirela ados jarri, alegia.
Errusiako Armadak atzo salatu zuenez, Mariupol defendatzen ari diren Ukrainako indarrek sarrera eta irteera guztiak suntsitu dituzte, eta, beraz, hiria kanpoko mundutik deskonektatuta dago. "Hirirako zubi eta sarbide guztiak suntsitu dituzte, nazionalista ukrainarrek errepide nagusiak hondatu dituzte eta gizon armatuak dabiltza kaletik tiro eginez. Horrek biztanleria zibila euren etxeetan egotera behartzen du", adierazi du Mijail Mizintsev Errusiako Defentsa Nazionalaren Kontrol Zentroko buruak.
Donetskeko prentsa zerbitzuak baieztatu duenez, dena dela, ebakuazio batzuk gertatzen ari dira, 200 inguru egunean: "Martxoaren 11ko 08:00etatik martxoaren 12ko 08:00etara, 217 pertsona, 25 haur barne, atera zituzten Mariupoletik eta Novoazovskyko barrutiko Bezymennoe ingurutik", indar separatistek larunbat honetan argitaratutako oharraren arabera. Hirian 400.000 pertsona inguru bizi dira.
Setioa hasi zenetik, Errusiak behin eta berriz salatu du ukrainar ultraeskuindar milizietako kideak egoera baretzeko ahaleginei boikota egiten ari direla inguru horretan.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Bestalde, eta Telegrameko bere kontuan argitaratutako mezu batean, Mariupoleko Udalak ziurtatu du 1.500 egoiliar baino gehiago hil direla hirian, duela 12 egun Errusiak erasoei ekin zienetik. "Mariupoleko 1.582 zibil hil dituzte okupazio tropa errusiarrek hiria blokeatu eta etxebizitzak gupidagabeki bonbardatu dituzten 12 egunetan" salatu du Udalak.
Melitopoleko alkatea gatibu hartu dute
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Emmanuel Macron eta Olaf Scholz Frantziako eta Alemaniako buruzagiei eskatu die Vladimir Putin Errusiako presidentea presionatu dezatela Ivan Fedorov Melitopoleko alkatea aska dezan. "Eskaria sinplea da: berehala askatu", adierazi du Zelenskik sare sozialetan argitaratutako bideo batean."Munduko liderrek egoera honetan eragiteko gaitasuna erakustea espero dugu", gaineratu du.
Melitopoleko 2.000 biztanle inguru hiriko kaleetara atera dira Fedoroven askapena eskatzeko.
Melitopol, Zaporiya eskualdean dago, Ukraina ekialdean eta indar errusiarren okupaziopean dago. Unian Ukrainako agentziak jakinarazi duenez, Fedorovek uko egin zion errusiarrei laguntzeari, eta ukrainar bandera hiriko udaletxean mantentzea erabaki zuen. Atzotik ez dago bere berririk.
1.300 militar ukrainar hil dira
Zelenskik adierazi duenez, 1.300 militar ukrainar hil dira inbasioa hasi zenetik eta, esan duenez, 13.000 militar errusiar ere bai. Gainera, errusiarrek 78 haur hil dituztela ere salatu du. Datu horiek ez dute baieztapen ofizialik izan oraingoz.
Negoziaketak Israelen?
Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak telefonoz hitz egin dute gaur Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta elkarrizketaren ondoren, argi dute Putinek ez duela "gerra geldiarazteko asmorik". Hala, jakinarazi dute Eliseotik. Hori bai, dei horretan jakin dute errusiarrak eta ukrainarrak bideokonferentziaz hitz egiten ari direla.
Volodímir Zelenski presidenteak Naftali Benet Isralego lehen ministroari Errusia eta Ukrainaren arteko negoziaketak Israelen izatea proposatu diola kaleratu dute gura Israelgo komunikabideek eta albistea baieztatu egin du Zelenskik.
Zure interesekoa izan daiteke
Muga-zergekin zigortutako Europako zortzi herrialdeak: "Groenlandiara tropak bidaltzea ez da inorentzat mehatxu"
Danimarkako, Finlandiako, Frantziako, Alemaniako, Herbehereetako, Norvegiako, Suediako eta Erresuma Batuko gobernuek ohar bateratu batean diotenez, Groenlandiara tropak bidaltzea "Artikoan segurtasuna indartzea du asmo". Ingurumari horretan, EBko enbaxadoreek bilera egin dute, muga-zergei eman beharreko erantzuna adosteko.
% 45,51ko parte-hartzea 16:00ak arte Portugalen, bi hamarkadatan izan den handiena
Azken hauteskunde lehiatuenetarikoa da gaurkoa, hiru hautagai ia berdinduta baitaude inkestetan. Datuak berretsiko balira, bigarren itzulira joan beharko lirateke hautagaiak.
AEBn bizi diren etorkinak kezkatuta, deportatzeko asmoa betetzen ari delako Trump
Maria mexikarra da, 38 urte ditu, eta deportatua ez izateko baimen berezi bati esker dago AEBn. Kezkatuta dago, ordea, immigranteak deportatzeko asmoa betetzen ari delako Trump, milaka agente kontratatuta. Beldurra baliatzen dute askotan: aurpegia estalita eramaten dute, armak eskuan eta oso modu bortitzak erabiltzen dituzte.
Patxi Alberdi, medikua Groenlandian: "Danimarkarrak burbuila batean bizi izan dira, eta sorpresaz hartu dituzte Trumpen asmoak"
Patxi Alberdi Danimarkan bizi den mediku eibartarra da. Psikiatra izan da Groenlandiako ospitale bakarrean, eta oso ondo ezagutzen ditu bi gizarte horiek. Ane Irabazal ETBko korrespontsalak elkarrizketatuta, Trumpen estrategia espantsionista danimarkarrentzat shock bat izan dela kontatu dio, eta herritar asko etsai gisa ikusten hasi direla orain hamarkada luzez aliatu nagusi izan den AEB.
AEBko Alderdi Demokrata Groenlandiako aliatuen aurkako muga-zergak galarazten saiatuko da Senatuan
Chuck Schumer Goi Ganberako buruzagi demokratak "ergelkeriatzat" jo du Trumpen mehatxua.
Europako herrialdeak igande honetan bilduko dira, Trumpen "mehatxuak" eta "xantaia" gaitzetsi ondoren
Trumpen neurriei erantzun bateratua emateko asmoa dute kaltetutako herrialdeek. AEBko presidentearen "mehatxu onartezinak" kritikatu dituzte, eta Frantziako agintaria Europako gainerako buruzagiekin bilduko da, "irmotasuna" erakusteko asmoz.
Jameneik esan du "milaka pertsona" hil direla protestetan, eta Trumpi egotzi dio horren ardura
Irango buruzagi gorenak nabarmendu duenez, "gertaera oso ankerrak jazo dira, hala nola gazteak meskitetan giltzapetzea eta bizirik erretzea, edo neskato, gizon eta emakume babesgabeak hiltzea, atzerritik hornitutako armekin". Testuinguru horretan, Iranen "gobernu berri bat ezartzeko unea" dela adierazi du Trumpek.
Trumpek ezarritako muga-zergei "erantzun bateratua" eman nahi die EBk
Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, Europak "oso jarrera irmoa izango du beti nazioarteko zuzenbidearen defentsan, edonon dela ere, eta, jakina, EBko estatu kideen lurraldetik hasita".
Netanyahuk dio AEBk ez zuela Israelekin koordinatu Gazarako Batzorde Exekutiboaren iragarpena
Ohar batean, tonu kritikoan hitz egin du AEBko Administrazioari buruz. Dena den, ez du sakondu Israelgo Gobernuak AEBeko presidenteak iragarritako zerrendarekin dituen desadostasunen inguruan.
Milaka lagun kalera atera dira Danimarkan eta Groenlandian Trumpen asmoen kontra protesta egiteko
Milaka pertsona bildu dira eguerdian Kopenhageko udaletxearen aurrean, eta protestak izan dira Aarhusen, Aalborgen, Odensen eta Koldingen. Arratsaldean beste manifestazio bat egin dute Groenlandiako hiriburuan, Nuuken.