Israelek Iranen lur azpiko kuartelei eraso die, Teheranen
Israelgo Armadaren arabera, 100 eraso baino gehiago egin ditu lurpeko kuartelen kontra, eta jaurtitzeko baseak eta misil balistikoak ere suntsitu ditu. Azpimarratu duenez, "behar beste denbora" iraungo du gerrak . Larunbatetik, 555 pertsona hil dituzte Iranen, Ilargi Gorriaren arabera.
Israelen eraso bat, bart, Teheranen. Argazkia: EFE
Larunbatetik, ia etenik gabe eraso dio Israelek Irani, eta gaur Armadak jakinarazi duenez, Teherango lur azpiko kuartelen kontra egin du. Iturri militarrek Israelgo tokiko hedabideekin egindako bideokonferentzia batean zehaztu dutenez, Iranen kontrako gerrak "behar beste" iraungo du.
"Duela gutxi, Israelgo Defentsa Indarrek beste erasoaldi bat abiatu dute Teheranen. Aire Armadako dozenaka hegazkinek 100 eraso baino gehiago egin dituzte erregimenaren lurpeko kuartelen kontra", esan du Effie Defrin Armadaren bozeramaileak.
AEBko Armadarekin lankidetzan, oldarraldia egiteko "plan sistematikoa" dutela azaldu du, eta jaurtitzeko baseak eta misil balistikoak ere suntsitzen ari direla erantsi.
Adierazi duenez, "une honetan, Aire Armadaren ehunka hegazkin Libanoko eta Irango helburuei eraso egiten ari zaizkie, aldi berean".
Erasoaldien iraupenaz Donald Trumpek egindako adierazpenez galdetu dio kazetari batek (gerrak lau bat aste iraungo zuela esan zuen AEBko presidenteak). Defrinek ez du epemugarik ezarri, eta "behar beste denbora" hartuko dutela nabarmendu du. "Hainbat helburu ditugu gerra honetan. Zehaztuta ditugu, eta denborarekin, are gehiago sakonduko ditugu. Ahalik eta kalte gehien egin behar diogu erregimenari. Beharrezkoa den bitartean jarraituko dugu", argitu du.
Bestalde, Ilargi Gorriak egindako zenbaketa baten arabera, Israelen eta AEBren erasoek 555 pertsona hil dituzte ditu Iranen, larunbatetik.