Ukrainako Gerra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Errusiako Armadak uko egin dio Ukraina osoan erasotzeari, eta Donbass eskualdea izango du "lehentasun"

Bere esanetan, lehen etapako misio nagusiak bete dituzte, eta orain, "ahaleginak helburu nagusia lortzera bideratu daitezke: Donbassen askapena".
Iragarkia
Guerra en Ucrania. Imagen: EITB Media
18:00 - 20:00
Errusiako Armadak Donbass eskualdea izango du ''lehentasun''

Errusiako Armadako goi-agintariak amaitutzat eman du ostiral honetan otsailaren 24an Ukrainan abiatutako "operazio militar bereziaren" lehen etapa, eta iragarri du orain Donbass eskualdea izango duela "lehentasun".

Sergei Rudskói koronel jeneralak, Errusiako Indar Armatuen Estatu Nagusiko buruaren ondokoak, prentsaurrean esan duenez, "oro har, operazioaren lehen etapako misio nagusiak bete dira".

Ukrainako Indar Armatuen borroka-potentziala "nabarmen murriztu" dela azaldu du, eta horrek orain ahaleginak helburu nagusia lortzean jartzea ahalbidetzen duela: "Donbassen askapena"

Rudskoik adierazi duenez, zortzi urtez, Ukrainako indar bateratuek Donbasen egindako operazioaren eremuan, defentsa mailakatuko lerro sendo bat prestatu zuten, hormigoizko gotorlekuekin.

Gaineratu duenez, Errusiaren eta Donetskeko eta Luhanskeko errepubliketako bajak minimizatzeko, eraso-ekintzen aurretik etsaiaren gotorlekuen eta erreserben aurka jotzen da.

Operazio militarra hasi zenetik bigarren aldiz, Moskuk bere baja militarren inguruko zifrak eskaini ditu gaur: 1351 militar hil eta 3825 zauritu dira errusiar aldean.

Zifra berria martxoaren 2an Errusiako Defentsa Ministerioak emandakoa baino ia hiru aldiz handiagoa da, orduan 498 pertsona ziren hildakoak.

Bitartean, Ukrainako bandoan hildakoak 14.000 baino gehiago izango lirateke, Rudskoiren arabera.

Horietatik, 7.000 baino gehiago Donbasen izandako borroketan hil dira. Izan ere, Errusiako aginte militarraren arabera, errusiazaleek Donetskeko lurraldearen % 54 eta Luhanskeko % 93 kontrolatzen dute.

Ukrainaren arabera, 16.100 baino gehiago dira Errusiako armadako hildako soldaduak.

Ukrainak dio Armadak kontraerasoa egin duela

Ukrainako agintariek adierazi dutenez, Armadak kontraerasoa abiatu du Kiev hiriburuko eskualdean, eta borrokaldi nagusiak Berishevka, Hostomel eta Irpin hirietan izaten ari dira.

"Gure lerroak mantentzen ari gara, eta Kieveko eskualdean kontraerasoak abiatzen", azaldu du Vadim Denisenko Barne Ministerioko aholkulariak. Hala, nabarmendu du ukrainar tropek 300 errusiar militar baino gehiago hil dituztela eta azken egunean zehar hamabi tanke, hamar ibilgailu blindatu eta zenbait hegazkin suntsitu dituztela, UNIAN albiste agentziak jaso duenez.

Era berean, Vladimir Borisenko Borispil hiriko alkateak iragarri du indar ukrainarrek Lukianovka udalerria berreskuratzea eta "etsaiaren okupazioarengandik" libratzea lortu dutela. "Lukianovka askatu egin da. Une estrategikoa da hau, etsaia erdira zatitzea lortu dugulako, eta erabat adoregabetuta eta desorientatuta dagoelako", esan du Borisenkok.

Ildo beretik, Erresuma Batuko Defentsa Ministerioak adierazi du tropa ukrainiarrek lurraldea berreskuratzea lortu dutela, Kiev ekialdetik 35 kilometrora, zenbait "kontraerasoren" testuinguruan.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X