Analisia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lidergoa

Pandemia garaian, eraginkortasunari buruzko eztabaida piztu zen. Batzuen iritziz, eraginkorragoak ziren boterea pertsona bakar baten, edo gutxi batzuen, esku zegoenean, erabakiak arinago hartzen zirelakoan. Orain, joera hori zabaltzen ari da, eta bada hori mundu osora hedatzeko arriskua.

Gizakia espezie nagusia omen, lankidetza bizi jardueraren ardatz nagusi bihurtu zuelako. Animalien artean ahulena izanik, besteen babesa eta laguntza behar zuen bizirik iraun ahal izateko, ugariak zeuzkan harrapakariak uxatzeko eta jakia lortzeko. Hasieran ahuldadeak eragin zuena, apurka-apurka bere indarraren adierazle nagusia bihurtu zen, eta, harrezkeroko, garapena ia mugagabea izan da. Beharrak sortutako talde horietan zuzendariak, antolatzaileak, ehiza-buruak eta gerrarako buruzagiak beti izan zituzten, baina iraunkorrak bihurtzen hasi zirenean sortu ziren arazoak, edo aldatu ziren helburuak.

Gizakion historia buruzagi horiek edo agintari nagusi horien menpeko kontalariek idatzi dute. Haiek dira protagonistak. Sarri, 100.000 soldaduen buruan zihoanaren izena bakarrik geratu zaigu, soldaduak, sukaldariak, zaldi zaintzaileak edo perratzaileak aurpegi bako irudiak bailiran. Demokrazia, justizia, parekotasuna, eskubideak eta antzerako hitzak edukia hartzen hasi ziren; erabakien ardura zabaltzen hasi zenean, gizon-emakume anonimoak hitza eta boterea eskuratzen hasi zirenean, gehiengoek hitza eta boto eskubidea lortu zuenean.

Antolatzaileak, iritzi sortzaileak ,liderrak. Aholku emaileak ezinbestekoak dira gizakiz osatutako gure gizarteek helburuak eta proiektuak izan ditzaten, norantz jo behar duten jakiteko, aukera ezberdinak izateko… Baina azken urte hauetan munduan "lider indartsuak" deitutakoak nagusitzen ari dira. Erabakiak, baliabideak eta ardurak euren esku uzteko eskatzen digutenak, ondo baino hobeto dakitelako beraiek besteoi komeni zaiguna eta hori lortzeko egin beharrekoa.

Gaur egun, munduko biztanle gehienak horrelako buruzagien aginduetara daude, baina joera ez da demokraziak ez diren lurraldetakoak bakarrik. Mendebaldeko herrialde askotako alderdi politikoetan gauza bera gertatzen ari da. Barne hauteskundeak irabazi dituenak (hauteskundeak egiten dituzten alderdietan) edo alderdiko talde nagusien oniritzia lortzen duena bihurtzen da agintari bakar, erabakien jabe, jorratu beharreko bideen erakusle eta jendearentzat, herritarrentzat, ona eta txarra zer den adieraziko diguna.

Pandemia garaian, mendebaldeko komunikabideetan eraginkortasunari buruzko eztabaida nagusitu zen. Gobernu batzuk, sistema politiko batzuk, eraginkorragoak, eta, ondorioz, egokiagoak ei ziren egoera batzuei aurre egiteko, erabakiak gutxi batzuek hartzen zituztelako, eztabaidarik ez zegoelako eta jendeak agindutakoa bete behar zuela bazekielako.

Horren aurrean, demokrazia, erabakiak askoren artean hartzeko beharra, eztabaida eta akordiorako zailtasunak zama, oztopo eta arindu beharreko lasta bilakatu ziren. Munduko bi potentzia militar handienetan "sistema eraginkor hori" gauzatu eta errotu da, eta, itxuraz, gehiengoaren oniritziaz. Potentzia nagusian gero eta nabarmenagoa da antzerako zerbait gertatzeko arriskua. Hala gertatuz gero ez dugu pentsatzeko eta erabakitzeko beharrik izango.

Zoritxar igarleek diote etorkizuna gertu dagoela.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X