Ukrainako gerra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Asier Blas (EHU): "Ukrainako gerra beste sei hilabetez luzatu daiteke"

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Asier Blas EHUko politologoak esan du Donbass noren esku geratuko den argitu arte ez dela "bake-negoziazio seriorik" izango Errusiako eta Ukrainako gobernuen artean.
Eraikin bat suntsituta Kieven. Artxiboko argazkia: EFE
Eraikin bat suntsituta Kieven. Artxiboko argazkia: EFE

Errusiako Armadak Ukrainaren aurkako gerra abian jarri zuenetik sei hilabete dira gaur, eta gatazka epe laburrean amaitzeko zantzurik ez dagoela adierazi du Asier Blas Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Politikoetako irakasleak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

Areago, guda beste sei hilabetez luza daitekeela eta Donbassekin zer gertatuko den argitu arte "bake-negoziazio seriorik" izango ez dela uste du.   

"Momenturen batean gerra Donbassera iritsiko da eta orduan ikusiko dugu Errusiak lurralde hori osorik bereganatzen duen ala Ukrainak eusten dion. Horren ondotik iritsi daiteke, akaso, bake-negoziazio serio bat, baina ordura arte lauzpabost edo sei hilabete igaro daitezke", azpimarratu du Europa Ekialdeko gaietan aditua den politologoak.

Horrez gain, Errusiak Ukraina inbaditzeko erabili zituen "aitzakiak" eta "arrazoiak" ez direla bete nabarmendu du. "Justu kontrakoa gertatu da; izan ere, NATO inoiz baino batuago dago eta bi kide berri ditu: Suedia eta Finlandia", gogoratu du.

Beraz, "alde horretatik, Errusiak ez du bere helburua lortu, NATO bere mugetara gehiago hurbildu baita", erantsi du.

"Dudarik gabe, seguruenik Errusiaren asmoa izan zen operazio militar azkar bat egitea eta gobernu aldaketa bat bultzatzea Ukrainan, edo Kieveko Gobernua bake-akordio bat sinatzera behartzea, baina horrelakorik ez da gertatu, Ukrainak, ezustean, ondo eutsi ziolako inbasioari lehendabiziko asteetan", azaldu du.

Hala ere, ordutik, Errusiak estrategia aldatu duela eta gerra luze bati ekin diola ohartarazi du. "Gerra poliki doa, baina Errusia etengabe aurrera egiten ari da", ziurtatu du.

Testuinguru honetan, epe laburrean bakerako negoziaziorik izango ez dela iritzi dio. "Errusiak orain helburu zabalagoak ditu, gerra hasi zenean baino. Dagoeneko ez zaio nahikoa Donbass edo Krimea bereganatzearekin. Beste eskualde batzuk ere hartu nahi ditu, hain justu ere, gerra hasi zenetik prezio handia ordaindu duelako", azaldu du.

Halaber, behin gerran sartuta eta izan dituen galerak eta hondamendia ikusita, Ukraina orain bere neutraltasuna edo Krimearen estatusa negoziatzeko prest agertzea "zaila" dela adierazi du.

Horregatik guztiagatik, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka beste sei hilabetez luzatu daitekeela uste du Blasek.

Iragarkia
Ukrainako gerra. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X