Iruzkina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lehengaiak

Berriro lehengaiak bihurtu dira lankidetzarako arrazoi eta aitzakia, gas eskasiak hankaz gora jarri lezakeelako oso denbora gutxian sendoa zirudien egitura ekonomikoa eta ongizate gizartea.

1951n, sei urte lehenagora arte etsai amorratuak izan ziren Frantziak eta Alemaniak, gaur egungo Europar Batasunaren oinarria izango zena osatu zuten. Erakunde haren izenak ondo adierazten dizkigu hitzarmena sinatu zuten 6 herrialdeen  asmoak eta helburua, "Altzairuaren eta Ikatzaren Elkarte Europarra" deitu baitzioten.

Altzairua eta ikatza ezinbesteko baliabideak dira gerra egin ahal izateko, armen ekoizpenerako lehengaiak direlako. Orain dela 71 urte sortutako ekimena, Munduan gaur egun eta historian zehar ezagututako proiektu arrakastatsuena bihurtu da.

Sarritan, batez ere jaio zirenetik demokrazia eta giza eskubideen errespetoa betetzen zirela ezagutu dutenek, gutxietsi egiten dituzte horrenbeste kostatutako lorpenak. Europar Batasuna eta demokratatzat ditugun herriak ez dira erakunde perfektuak, kritika asko egin dakie eta gehienak benetakoak izango dira. Giza eskubideak askotan urratu dira eta justizia ez da beti zuzena eta inpartziala izan.

Baina gizakiok edozein helburu edo amets egi bihurtu nahi dugunean gure inguruan eta historian zehar gertatu denari erreparatzea merezi du, eta zertxobait arakatu ezkero aitortu beharko dugu orain dela urte gutxi arte inon ez zegoela demokraziarik, gizateriaren historia agintari eta agindutakoen arteko kontakizuna izan delako, gutxi batzuek agindu dutelako eta gehiengoak obeditu.

Banaka batzuk aberastu direla eta herritarren gehiengo zabalak bizimodu miserablea jasan behar izan duela. Eta gaur egun oso gutxi direla demokrazia, ongizatea eta giza eskubideen babesa (mugatuak badira ere) eduki ditzaketen herrialdeak, tarteka botoa ematea ez baita nahiko nonbaiten demokrazia eta askatasuna dituztela adierazteko.

Gaur egun Munduan krisi asko eta korapilatsuak bizi ditugu, gerrari, ekonomiari eta prezioei lotutakoak. Baina larriena eskubideei eta demokraziari dagokiena da, gero eta leku gehiagotan erakundeek askatasuna eta gizabanakoaren erabakitzeko eskubidea gutxietsi eta baztertu egiten dituztelako.  Buruzagi indartsuak eta ausartak aldarrikatzen dira, guri komeni zaiguna egingo dutenak eta, batez ere, motelak eta astunak diren demokraziak baino eraginkorragoak izango direnak.

Europar Batasunak une zailak bizi ditu eta litekeena da datozen hilabeteak zailagoak izatea, baina azken krisietan erakundeak irautea lortu du, herrialde bakoitzaren eta elkartearen interesak uztartzea erdietsi duelako. Krisi ekonomikoa lehendabizi, pandemia ondoren eta orain energiarena. Berriro lehengaiak bihurtu dira lankidetzarako arrazoi eta aitzakia, gas eskasiak hankaz gora jarri lezakeelako oso denbora gutxian sendoa zirudien egitura ekonomikoa eta ongizate gizartea.

Lehen erabakietan batasuna eta elkartasuna nagusitu dira kanpoko eta barruko etsaien aurka, ikuskizun da zer gertatuko den hemendik aurrera. Hutsuneak eta akatsak begi bistakoak dira, baina hoberena aldarrikatzea sarri xedea ikuskatzeko oztopoa da eta ingurura begiratu ezkero ereduak ez dira erakargarriagoak.  

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X