Iranek dozenaka dronerekin eraso dio Israeli
Iragarrita zegoen gisan, Iranek Israeli eraso dio dozenaka drone jaurtita, iturri israeldarrek jakitera eman dutenez. Irakeko aire eremutik bota omen dituzte.
Irango telebistak baieztatu egin du albistea, eta AEBko Gobernuak ere bai.
Israelgo iturriek gaineratu dutenez, drone horiek "hainbat ordu" beharko dituzte herrialdera iristeko, eta Israelgo Aire Armadak geldiarazi egingo dituela aurreratu dute.
Israel alerta gorenean dago, Israelek Sirian egindako eraso batean zazpi komandante irandar hil eta gero.
Iranek mendekua agindu zuen, eta Israelgo konpainia bati lotutako kargaontzi bat atxiki dute larunbat honetan.
Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak adierazi duenez, herrialdeak "lurrez, airez eta itsasoz" defendatzeko ahalmena handitu du, AEBko kideekin koordinatuta.
Gainera, asteleheneko 11:00etatik aurrera aplikatuko diren jarraibide batzuk argitaratu dituzte. Besteak beste, hezkuntza jarduera guztiak bertan behera utziko dira eta debekatu egingo da 1.000 lagun baino gehiago biltzea herrialde osoan, The Times of Israel egunkariak jasotzen duenez.
Bestalde, Jordaniak bere aire eremua itxi du aldi baterako, badaezpada ere.