Hauteskunde eguna gaur Venezuelan, oposizioak 25 urtean lehen aldiz irabazteko aukera duela
Presidenterako hauteskundeak dituzte Venezuelan igande honetan. Nicolas Madurok hirugarren agintaldia eskuratu nahi du, baina inkesta gehienek oposizioko fronteari ematen diote garaipena. Edmundo Gonzalez Urrutia diplomazialari ohia da Plataforma Unitaria hautagaitzako burua, Justiziak Maria Corina Machado (primarioetako garailea) inhabilitatu ostean.
Maduro presidentearen alderdiaz gain, beste bederatzi hautagaitza aurkeztu dira hauteskundeetara. Horietatik, Gonzalezen Plataforma Unitaria da arrakasta izateko aukera gehien dituena, beste zortzi hautagaiei ez baitiete inkestek botoen % 2 baino gehiago ematen.
Hauteskundeak oposizioak irabaziko balitu, Chavezen iraultza bolivatarra izan zenetik 25 urtera iritsiko lirateke berriz ere Miraflores Jauregira. Hugo Chavezek berak 14 urtez gobernatu zuen herritarren babes handiarekin. 2002an, aurre egin behar izan zien estatu-kolpe saiakera batzuei, eta lau egun eman zituen espetxean.
Minbizia diagnostikatu zioten, eta 2013ko martxoan hil zen. Une horretan, ordura arte presidenteordea zen Madurok hartu zuen agintea, behin-behinean, apirilaren erdialdean hauteskundeak egin arte. Baina Maduro ez zen Chavez, eta Henrique Capriles oposizioko kideari % 1,5eko tarte estuagatik irabazi zion hauteskunde haietan.
Adituen ustez, Madurok ez du Chavezen ibilbide iraultzaile eta karismarik, eta horrek, herrialdea nozitzen ari den krisi ekonomiko zein sozialari batuta, disidentziaren gorakada ekarri du.
Hauteskunde hauen atarian, gainera, Amnistia Internazionalak Venezuelan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa "larri eta masiboak" salatu ditu. Izan ere, Maduro presidente denetik "herritarren % 25ek baino gehiagok" ihes egin dute herrialdetik, giza eskubiden aldeko erakunde horren arabera, eta disidenteen "dozenaka atxiloketa arbitrario, desagertze behartu eta tortura" izan dira.
Barbadosko akordioa
Maduroren presidentetzak kolpe handia jaso zuen 2018ko hauteskundeetan. Izan ere, botoen % 67,8 lortu arren (Henri Falcon aurkariak botoen % 20,9 lortu zituen), munduko hainbat herrialdek eta Europar Batasunak "legez kanpokotzat" jo zituzten hauteskunde horiek.
Nazioarteko komunitatearen konfiantza galdu ondoren, 2023ko urrian Barbadosko Akordioa sinatu zuen oposizioarekin, hauteskundeetarako baldintzak ezartzeko. Oposizioak hauteskundeetan berme guztiekin parte hartu ahal izango zuela jaso zuten akordioan, eta hauteskunde primarioen prozesua zehaztu zuten.
Itun horri esker, AEBk bertan behera utzi zituen Venezuelaren aurkako zigor batzuk, baina oposizioak uste du Madurok ez duela erabat errespetatu akordioa eta urraketen artean oposizioko buru diren Maria Corina Machado inhabilitatzea eta haren ondorengoa zen Corina Yoris Villasanari hautagai gisa inskribatzen utzi ez izana aipatu dituzte.
Aurreko bi hautagaiak baztertuta utzi ostean, Edmundo Gonzalez Urrutia (Venezuelako enbaxadorea Aljerian 1991 eta 1993 artean eta Argentinan 1998 eta 2002 artean) hautatu du Plataforma Unitariak buru gisa. Gonzalezek preso politikoak askatu, ekonomia suspertu, bolivar debaluatua egonkortu eta inflazioaren eta segurtasunik ezaren aurka borrokatuko dela agindu du.
Zentroko politikaritzat dute Gonzalez: zerbitzu publikoak babesten dituela adierazi du eta akordioak bilatzeko prest agertu da beti, alderdien ideologiaren gainetik. Igande honetako hauteskundeetako balizko garaipenari dagokionez, Maduroren eskuetatik boterea eskualdatzeko "negoziazio prozesu bat" abiatzearen aldekoa da.
Baimen ofizialik gabe herrialdean sartu nahi zuen PPko ordezkaritza bat bueltan bidali du Venezuelak
PPko parlamentari eta senatari talde bat Venezuelatik kanporatu dute, herrialdean baimen ofizialik gabe sartzen saiatu ostean.
Popularren arabera, Venezuelako oposizioak igandeko hauteskundeen behatzaile gisa gonbidatu zituen, baina ez zuten zeregin horretarako beharrezko baimenik. Hala ere, ostiralean Caracasera joan dira, jakintzat jo arren ez zietela herrialdean sartzen utziko. Gauza bera gertatu zaie oposizioak gonbidatutako beste herrialde batzuetako ordezkariei ere.
Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetako Ministeriotik azaldu dutenez, Senatuko Mahaiak eta Alderdi Popularreko Talde Parlamentarioak (GPP) Venezuelara joan ahal izatea eskatu zuten, hauteskundeak behatzeko misio gisa, eta Jose Manuel Albares buru duen ministerioak ez zion eragozpenik jarri eskaerari, eta beharrezko kudeaketa guztiak egin zituen Venezuelako agintarien aurrean.
Hala ere, Venezuelako agintariek ukatu egin zuten baimen hori, eta Atzerri Ministerioak horren berri eman zien Senatuari eta PPri. Baimena ukatu ostean, "talde politiko guztiek bertan behera utzi zuten bidaiatzeko asmoa, PPk izan ezik", Ministerioko iturrien arabera.
1280 venezuelar daude Bilboko hauteslekuan botoa ematera deituta
Bestalde, Euskal Herrian bizi diren 1.280 venezuelar daude botoa ematera deituta Bilboko hauteslekuan.
Gurean bizi diren venezuelarren plataformak salatu du 25.000 izan beharko liratekeela, eta nazioarteko komunitatearen babesa eskatu dute botoen zenbaketa gardena ziurtatzeko eta hauteskundeen emaitza bermatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan
Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.
Sussexeko dukeak, Harry eta Meghan, Erresuma Batura itzuliko dira, baina Errege Etxetik kanpo jarraituko dute
Sussexeko dukeek, Harryk eta Meghanek, Erresuma Batura itzultzea erabaki dute, eta han matrikulatu dituzte bi seme-alabak, Archie eta Lilibet, oraindik identifikatu gabeko ikastetxe batean. Bikoteak Errege Etxetik urrun jarraituko du eta Londrestik kanpo biziko da, hedabide britainiarren arabera.
Gutxienez 15 pertsona hil dira Errusiak Kieven aurka egindako erasoan
Ukrainako presidenteak salatu duenez, erasoan etxebizitza eraikinak, haurrentzako ospitale bat eta eskola bat kaltetu dira, eta Odesa eskualdean mugako postu bati eta gas azpiegitura bati eraso egin diete errusiarrek.
Gutxienez 107 pertsona hil dira urre-meategi bat hondoratuta Afrika Erdiko Errepublikan
Ustiategi irregularra Kamerungo mugatik gertu dago. Tokiko agintariek ohartarazi dute biktima kopuruak gora egingo duela erreskate-lanetarako baliabide urriak direla eta.
Eutanasia eta heriotza lagundua ahalbidetuko dituen legea promulgatu du Macronek
Legea Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, legea indarrean sartu aurretik eman beharreko ezinbesteko pausoa.
Haurrak Facebook eta Instagramera katigatu nahi izana ukatu du Metak epaiketa federalaren hasieran
29 estatu estatubatuarrek Facebook eta Instagram nahita manipulatu izana eta Interneten Haurren Pribatutasuna Babesteko Legea (COPPA) urratu izana leporatzen diote Metari.
AEBko bandera, kolono israeldarren aurrean babesteko erreminta
Loui Ridik Ohio utzi eta Zisjordaniara itzultzea erabaki du bere etxea eta familia kolono israeldarrengandik defendatu ahal izateko.
Bruselak Ceutan dauden migratzaile adingabeak Marokora itzultzearen alde egin du
Europako Batzordeko bozeramaile Markus Lammertek berretsi du hiri autonomoan legez kanpo dauden migratzaile guztiak itzuli behar direla, eta espero duela Espainiako eta Marokoko agintariek hori bermatzeko lan egingo dutela.
Baso-suteek ez dute tregoarik ematen Europan
Dozenaka sutek kontinente osoa kiskali dute uda honetan. Baso Suteei buruzko Europako Informazio Sistemaren (EFFIS) datuen arabera, abuztuaren 12ra arte 576.027 hektarea erre ziren lurraldean. Hauek dira sugarren suntsipena erakusten duten satelite-irudi batzuk.
AEB eta Iran bake-elkarrizketa "estraofizialak" egiten ari dira, Trumpen arabera
Bake Memorandumean ezarritako 60 eguneko epea amaitzen den egunean, AEBko presidenteak berretsi du Iranek amore eman beharko lukeela. Horrez gainera, Oman bonbardatzearekin ere mehatxu egin du, honek Ormuzeko itsasartearen kudeaketan esku hartuko balu.