Israelek zuzenean eraso dio NBEren Libanoko base bati eta Indonesiako bi soldadu zauritu ditu
Israelgo Armadak tiro egin du zuzenean, tanke batetik, NBEren misioaren kuartel nagusiko behaketa-dorre baten kontra, Libano hegoaldean, eta Indonesiako bi kide zauritu ditu. Asiako estatuak ditu bertan langile eta soldadu gehien.
1978tik "bakea mantentzeko lanean" ari den Nazio Batuen Libanoko Behin-behineko Indarrak (UNIFIL, ingelesez) azaldu duenez, nazioarteko militarrek Israelgo tanke batetik jaurtitako jaurtigai baten kolpe "zuzena" jaso dute. Misioko kideak kuarteletan daude sartuta Israelen eta Hezbollahren arteko borrokak gogortu zirenetik.
"Zorionez, ez dute zauri larririk, baina ospitalean jarraitzen dute", jakinarazi du NBEren misioak ohar baten bidez. UNIFILen esanetan, "bakearen soldaduen aurka nahita egindako eraso oro Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa larria da".
Israelek argudiatu duenez, Hezbollahk UNIFILen basetik gertu jarduten du, eta Israelgo Armadak "inguru horretan dauden Nazio Batuen indarrei babesteko" agindu zien. NBEk esan du nazioarteko misioak ez dituela Israelen agindurik jasotzen.
UNIFILen parte hartzen ari diren Europako estatuek bilera telematikoa egingo dute datorren astean, Israelen erasoei buruz aritzeko. Sebastien Lecornu Frantziako Defentsa ministroak eta Guido Crosetto Italiakoak telefonoz hitz egin dute horren inguruan.
Italiako Gobernuak (ekarpenik handiena egiten duen Europako herrialdea da, 868 parte-hartzailerekin) "onartezintzat" jo ditu Israelen erasoak, eta protesta formala egin du Estatu sionistaren eta NBEren aurrean.
Crosettoren iritziz, "Israelgo indarrek 131. basean behin eta berriz egindako erasoak gerra krimenak izan litezke". "Libanoko alde horretako egoerak kezkatzen gaitu, ez gaurtik, baina atzo gertatu zena guztiz onartezina da", esan du.
Italiako ministroaren hitzetan, "hau ez da akats bat izan, ezta istripu bat ere", eta "azalpen formalak eta errealak" eskatu dizkio Israeli, "ahalik eta lasterren" emateko.
Misioaren iraupenari dagokionez Crosettok azaldu duenez, "hori ez da nazio mailako erabakia, nazioartekoa baizik", NBErena. "Nire asmoa, Gobernuarena, bake-gune bat gailentzea da, eta ez onartzea eskualde hori gerran egon daitekeela etengabe. Beste leku batzuetan ikusi dugu zein zaila den iltzatuta dagoen gerra bat gelditzea. Ahal den arte mantendu behar dugu bakearen bandera", gaineratu du.
Espainiako Gobernuak (Europako bigarren ekarpenik handiena) ere erasoak gaitzetsi ditu.
"Bakea mantentzeko operazioen aurkako erasoak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren eta Segurtasun Kontseiluaren 1.701 Ebazpenaren urraketa oso larriak dira", azpimarratu du Exekutiboak, eta "UNIFILen tropak errespetatzeko" eskatu die "aldeei", Israeli eta Hezbollahri, "horien segurtasuna bermatu behar baita".
Sumarrek Israelen aurkako "alde bakarreko enbargo adierazpen bat" eskatu dio PSOErekin osatzen duen Espainiako Gobernuari. Podemosek, bere aldetik, enbargoa babestu du eta Gobernuak Israelekin dituen harreman diplomatikoak hausteko eskatu du.
Misioak Libanon jarraituko du
Farthan Hag NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileondokoak New Yorkeko egoitzatik esan duenez, misioak "bere tokian jarraitzen du", Libano hegoaldean "egonkortasuna bermatzeko bete beharreko agindua" duelako.
Nazio Batuen ordezkariaren hitzetan, Israelek hainbat "eskaera" egin dizkio UNIFILi bere basetik joateko, baina misioak "bete beharreko agindu bat du, eta, gure agenteen segurtasuna ebaluatzen dugun bitartean, garrantzitsua da agindu hori betetzea".
Segurtasun Kontseiluak Libanoko egoerari buruz egindako bileraren ostean, Jean Pierre Lacroix bake misioetako buruak adierazi du irailaren 23an Israelek UNIFILi eskatu ziola mugaren iparraldetik 5 kilometrora dauden erradiotik joateko, baina misioak ez zuela egin nahi izan, "Segurtasun Kontseiluak ezarritako aginduarekin bat etorriz".
Misioari eutsi arren, Lacroixek onartu du Israelek erasotako eremuetan jarduera eten dutela eta presentzia % 25 murriztu dutela.
Zure interesekoa izan daiteke
EBko Barne ministroek Ceutako krisia aztertuko dute gaur ezohiko bilera batean
Europar Batasuneko Barne Ministroen Ezohiko Kontseilua gaur bilduko da, Espainiak eskatuta eta 22 estatu kideren babesarekin, Ceutan erregistratutako migrazio-krisia aztertzeko eta Marokotik etorritakoen gorakadari erantzun komuna emateko.
Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia
Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.
Ormuzko itsasartearen eta Iranen desnuklearizazioaren inguruko akordioa "berehala" helduko dela uste du Trumpek
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi duenez, gaur arratsaldean bilduko da Teheranekin, Golkoko zenbait herrialderen eskaeraren ostean. Irango Atzerri ministroaren arabera, ordea, Washingtonek ez du Ormuzko itsasartearen inguruko elkarrizketetan parte hartzen.
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.
Trumpek bertan behera utzi du Iranen aurkako erasoa, eta berehalako akordioa eskatu dio Teherani
AEBko presidenteak esan du erasoaldia bertan behera utzi duela, akordio baterako oinarriak adostu ostean, eta negoziazioek porrot eginez gero, "Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko" indar militarra erabiliko duela ohartarazi du.
Haize bolada bortitzek hainbat sute elikatzen jarraitzen dute Atenaseko eskualdean
Hiriburutik 60 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Porto Germenon sugarren kontra ari dira suhiltzaileak. Haizea da etsairik handiena une honetan; izan ere, bolada bortitzek sugarrak elikatu dituzte, eta egoera kritikoa da herrialde osoan.
Europar Batasunak premiazko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisia aztertzeko, barne ministroak bilduta
EBko Kontseiluaren buru den Irlandak ezohiko bideokonferentzia deitu du, Pedro Sanchezek eta Europako beste 22 liderrek idatziz eskatu ostean.
EBko 22 estatuk Ceutako migrazio krisiaren aurrean erantzun bateratua eskatu dute
Italiak eta Danimarkak bultzatutako gutunean, EBko Barne ministroen ezohiko bilera eskatu dute kanpo-mugen kontrola indartzeko, eta ohartarazi dute erregularizazio masiboek "erakarpen-efektua" izan dezaketela.
Von der Leyenen ustez, Europako mugen kontrola "are gehiago indartu behar da"
Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, "adi egon behar dugu sarbide kritiko guztietan, eta agintari guztien arteko koordinazio estua izan". Era berean, “ikasgaien azterketa-prozesu bat" abiatzeko eskatu du, "Europaren erresilientzia hobetzeko".
Hamasek armagabetzeko akordioa berretsi du, baina Israel Gazatik erretiratzea jarri du baldintza gisa
Testuinguru horretan, talde palestinarrak berretsi du ez duela bere esku dagoen armamentua entregatuko Israel Gazako Zerrendatik erretiratu baino lehen.