Gaza "garbitzeko", palestinarrak Egiptora eta Jordaniara bidaltzea proposatu du Trumpek
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak Gazako Zerrendako milioi eta erdi desplazaturi epe ertain edo luzera "ostatu" emateko aukera planteatuko die Egiptori eta Jordaniari. Aurrekoetan, gaztarrak hartzea planteatu izan zaienean, baztertu egin izan dute bi herrialdeek aukera hori, Nakba berria izango baitzen —1948an Israel estatu gisa eratu eta palestinarrak lurralde horretatik kanporatu zituzten—; izan ere, erabaki horrek bi estatu izateko bake irtenbide bat eratzeko itxaropen oro ezabatuko luke.
Air Force One presidentearen hegazkinean AEBko hedabideei egindako adierazpenetan, Trumpek jakinarazi du jada planteatu diola gaia Abdala II.a Jordaniako erregeari telefonoz, eta igande honetan Abdelfata Al-Sisi Egiptoko presidentearekin gauza bera egiteko asmoa duela.
"Abdala erregeari esan diot nahiko nukeela jende gehiago har dezatela, Gazako Zerrenda oraintxe hondamendi hutsa da eta. Hondamendi hutsa da", adierazi du Trumpek. Kontuan izan behar da Jordnaniak dagoeneko 2,3 milioi errefuxiatu palestinar baino gehiago hartu dituela, Nazio Batuen datuen arabera.
Trumpek azaldu duenez, bere administrazioak ez du errefuxiatu hipotetiko horientzako egonaldi mugarik aurreikusten —"aldi baterako edo epe luzerako izan daiteke"—, eta gehitu du erabaki horren arrazoi nagusia dela desplazatuek ostatu segurua izatea, Gazako Zerrenda hondakinez garbitzen duten bitartean: "Ziurrenik, milioi eta erdi lagunez ari gara. Guk leku osoa garbitzen dugun bitartean lekualdatzea, 'begira, amaitu da' esaten dugun arte'".
"Zerbait egin beharko da", berretsi du Estatu Batuetako presidenteak, "izan ere, oraintxe bertan, leku hori eraisteko gune bat da literalki, eta, beraz, nahiago dut Arabiako herrialde batzuekin hitz egin eta etxeak beste leku batean eraiki, jende hori bakean bizi dadin, behingoz".
Israelgo ultraeskuinak pozez hartu du Trumpek Gaza palestinarrez husteko egindako proposamena
Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrich kolono ultranazionalistak pozik hartu du AEBko presidentearen proposamena. "Jainkoaren laguntzarekin, lehen ministroarekin eta Gobernuarekin lan egingo dut ideia hori ahalik eta lasterren ezartzea ahalbidetuko duen plan bat garatzeko", ziurtatu du Smotrichek ohar batean.
Okupatutako Zisjordaniako israeldarren asentamendu batean bizi den ministroak —nazioarteko zuzenbidearen arabera, asentamenduak legez kanpokoak dira—, eta esan du gazatarrek "bizitza berri eta hobeak has ditzaten beste leku batzuk bilatzen laguntzea ideia bikaina" dela.
Itamar Ben-Gvir duela astebete kargua utzi zuen arte Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro zenak ere bat egin du Trumpen planarekin, sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Gogorarazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari egin izan dioten eskakizunetako bat "borondatezko emigrazioa sustatzea" dela. "Emigrazioa sustatu egin behar da!", idatzi du Zisjordaniako kolonoak. Joan den astean utzi zuen Gobernua, Hamasekiko su-etenerako eta bahituak askatzeko akordioaren aurka zegoelako.
Erasoaldia hasi zenetik, kolono israeldarren elkarteek eta Gobernuan dagoen koalizioko zenbait ministrok Gobernuari eskatu diote gerraren ondoren Zerrendan asentamenduak ezartzeko eta lurraldeko hainbat eremutarako urbanizazio planak proposatu dituzte.
Hamasek esan du palestinarrek ez dutela onartuko Trumpek egindako desplazamendu-proposamena
Basem Naim Hamasen zuzendaritza politikoko kideak ziurtatu duenez, palestinarrek "ez dute berreraikuntzaren mozorropean datorren proposamenik onartuko, Donald Trump presidente estatubatuarrak proposatutakoa hori da eta". "Gure herriak desplazamendu plan guztiak zapuztu ditu azken hamarkadetan, eta proiektu hau ere baztertuko du", esan du Naimek.
"AEBko administrazioari dei egiten diogu Israelen planekin bat datozen eta gure herriaren eskubide eta askatasunekin talka egiten duten proposamen horiek geldiarazteko", adierazi du talde islamistak, ohar bidez.
Erakunde islamistak herrialde arabiarrei eta islamiarrei —Egiptori eta Jordaniari, bereziki— "desplazamendua eta deportazioa gaitzesteko jarrera irmoak berresteko" eskatu die, baita gazatarrei laguntza emateko ere.
Jornaniak irmoki errefusatu du asmo hori: "Palestinako auziaren irtenbidea palestinarrekin adostu behar da: Jordania, jordaniarrentzat eta Palestina, palestinarrentzat", esan du Ayman Safadi Jordaniako Atzerri ministroak.
Egiptoko Atzerri Ministerioak ere gogor errefusatu du proposamena, eta "okupazioari amaiera ematea eta usurpatutako lurraldea palestinarrei itzultzea" exijitu.
Gazako biztanleriaren % 90 (2,1 milioi biztanle inguru) desplazatuta bizi da Israelen bonbardaketa hasi zenetik eta su-etena indarrean denetik; ehunka mila etxera itzultzen saiatzen ari dira, eraikinak erasoek bota badituzte ere. "Ez dakizu zer den etxe bat izatea galtzen duzun arte", zioen bart gauean Nuseiraten (Gazako erdialdean) bildutako milaka palestinarretako batek. "Akatsa izan zen Gaza Hiria (iparraldean) uztea, eta ez dugu berriro egingo. Gerra itzultzen bada ere, ez gara joango ".
Hain zuen ere, gaur bertan bi palestinar hil eta beste 15 zauritu ditu Israelgo Armadak Gazako iparraldea zeharkatzeko zain zeudela, tiro eginda. Su-eten akordioak ezartzen zuen bezala, Zerrendaren erdialdean zain ziren, iparraldera igarotzeko zain.
Gaza erdialdeko kostaldeko eremuetako aireko irudiek erakusten dutenez, milaka lagun daude Rashiko errepidearen ondoan, palestinarrek iparraldean dituzten etxeetara itzultzeko erabili beharko duten errepide ondoan, Israelek pasatzen uzteko zain.
Israelgo Gobernuak iparraldera joatea galarazi du, Hamasekin desadostasunak dituelako bahituak askatzeko ordenari dagokionez. Israelek geldiarazi egin du gazatarren itzulera Arbel Yehud askatu arte. Jihad Islamikoak baieztatu du bahitua larunbata baino lehen askatuko duela.
Abasek, Trumpi: "Palestinako herriak ez ditu inoiz bere lurra eta leku sakratuak utziko"
Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionalalen presidenteak azpimarratu du palestinarrek ez dutela "beren lurra utziko". "Garbi utzi nahi dugu Palestinako herriak ez dituela inoiz bere lurra eta leku sakratuak utziko, ez dugu 1948ko eta 1967ko hondamendiak errepikatzerik nahi (Nakba). Gure herriak tinko jarraituko du eta ez du bere aberria utziko", esan du Palestinako presidentetzak Wafa agentzia ofizialak zabaldutako ohar batean.
Plestinako agintariak ohartarazi du Trumpen iradokizunak "marra gorriak urratzen" dituela, eta Palestinaren batasuna ahultzeko edozein politika eta ekintza gaitzetsi du. Gainera, gogorarazi du Gazako Zerrenda, Zisjordania okupatua eta Ekialdeko Jerusalem bat direla.
Zure interesekoa izan daiteke
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.
Trumpek bertan behera utzi du Iranen aurkako erasoa, eta berehalako akordioa eskatu dio Teherani
AEBko presidenteak esan du erasoaldia bertan behera utzi duela, akordio baterako oinarriak adostu ostean, eta negoziazioek porrot eginez gero, "Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko" indar militarra erabiliko duela ohartarazi du.
Haize bolada bortitzek hainbat sute elikatzen jarraitzen dute Atenaseko eskualdean
Hiriburutik 60 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Porto Germenon sugarren kontra ari dira suhiltzaileak. Haizea da etsairik handiena une honetan; izan ere, bolada bortitzek sugarrak elikatu dituzte, eta egoera kritikoa da herrialde osoan.
Europar Batasunak premiazko bilera egingo du asteartean Ceutako migrazio krisia aztertzeko, barne ministroak bilduta
EBko Kontseiluaren buru den Irlandak ezohiko bideokonferentzia deitu du, Pedro Sanchezek eta Europako beste 22 liderrek idatziz eskatu ostean.
EBko 22 estatuk Ceutako migrazio krisiaren aurrean erantzun bateratua eskatu dute
Italiak eta Danimarkak bultzatutako gutunean, EBko Barne ministroen ezohiko bilera eskatu dute kanpo-mugen kontrola indartzeko, eta ohartarazi dute erregularizazio masiboek "erakarpen-efektua" izan dezaketela.
Von der Leyenen ustez, Europako mugen kontrola "are gehiago indartu behar da"
Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi duenez, "adi egon behar dugu sarbide kritiko guztietan, eta agintari guztien arteko koordinazio estua izan". Era berean, “ikasgaien azterketa-prozesu bat" abiatzeko eskatu du, "Europaren erresilientzia hobetzeko".
Hamasek armagabetzeko akordioa berretsi du, baina Israel Gazatik erretiratzea jarri du baldintza gisa
Testuinguru horretan, talde palestinarrak berretsi du ez duela bere esku dagoen armamentua entregatuko Israel Gazako Zerrendatik erretiratu baino lehen.
AEBk Kuwaiten duen base militar baten aurkako erasoa aldarrikatu du Iranek
Irakeko Gobernuak ukatu egin du bere lurraldearen barruan erasoak baimendu izana, Estatu Batuetako presidenteak aste honetan ziurtatu ostean Saudi Arabiarekin batera eta Irakekin koordinatuta egin zituztela erasoak. Bestalde, Itsaso Gorria babesteko nazioarteko koalizio baten sorrera iragarri du Saudi Arabiak.
AEBk eta Saudi Arabiak Iranen aldeko miliziei eraso egin diete Iraken, drone bidezko eraso baten ondoren
Bonbardaketek Herri Mobilizazioaren Indarretako 20 kide hil eta 32 zauritu dituzte gutxienez, eta Irakek larrialdiko bilera deitu du tentsioak gora egin duelako.
Fujimorismoa itzuli da: Keiko Fujimorik presidente karguaren zina egin du
Alberto Fujimori presidente ohiaren (1990-2000) alabak laugarren saiakeran lortu du presidente izatea. Aurreko hauteskundeetan bigarren itzulian galdu zuen. Azken hamarkadan herrialdeak bizi izan duen ezegonkortasun politikoari aurre egin beharko dio, eta gobernatzeko akordioak lortu beharko ditu, ez baitu eta gehiengo osorik. Gainera, Keiko Fujimorik Trumpengana gerturatzeko asmoa duela iragarri du, eta horrek aldaketa ekar dezake politikan, Peruko ekonomiaren bazkide nagusia Txina baita.