SU-ETENA GAZAN
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Israelek utzi egin du Gaza bitan zatitzen duen Netzarim korridorea

Hamasekin adostutako su-etenaren 22. egunerako aurreikusitako neurriari esker, gerragatik etxea utzi behar izan zuten palestinarrak ipar-ekialdera itzuli ahal izango dira.
Netzarim korridorea, Gazan. Argazkia: EITB
Netzarim korridorea, Gazan. Argazkia: EITB

Israelgo Armadak utzi egin du Netzarim korridorea, Gazako Zerrenda erdibitzeko eraikitako errepide artifiziala, Israelgo irrati militarrak zabaldu duenez.

Hamasekin adostutako su-etenaren 22. egunerako aurreikusitako neurriari esker, gerragatik etxea utzi behar izan zuten palestinarrak ipar-ekialdera itzuli ahal izango dira.

Israelek bertatik alde egin zuen duela ia bi aste, baina errepidearen ekialdean jarraitu zuen, Israeldik gertuen dagoen puntuan.

Aurrerantzean, Israelgo Armada Filadelfia korridorean egongo da soilik, Egiptoko mugaren ondoan, Gaza eta Israel bereizten dituen 500-700 metroko "indargetze eremuan".

Armadak libre utzi duen bidegurutzeetako batean zegoen hondar mendixka kirasdun batean lurperatutako gorpuak aurkitu dituzte.

Hamasek Israelen "joko zikina" salatu du 

Basem Naim Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoaren bozeramaileak larunbatean esan zuen "edozein oztopo gainditzeko prest" daudela su-etenarekin aurrera jarraitzeko, Israelek "porrota" bilatzeko "joko zikina" erabiltzen badu ere.

"Mezu argia eta zuzena igorri diegu bitartekariei, baita estatubatuarrei ere: Israelen joko zikinak atzeratu egin dezake bertara iristea premiazko hornigaiak (jakiak, sendagaiak, kanpin-dendak, karabanak, energia sorgailuak eta bestelakoak), akordioa eten egin liteke eta arriskuan legoke adostutakoa betetzea", adierazi du Naimek Al Jazeeran.

Hamasek joko zikintzat jo dituen ekintzen artean dago Israelek Rafahn palestinarrak hil izana.

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Fujimorismoa itzuli da: Keiko Fujimorik presidente karguaren zina egin du

Alberto Fujimori presidente ohiaren (1990-2000) alabak laugarren saiakeran lortu du presidente izatea. Aurreko hauteskundeetan bigarren itzulian galdu zuen. Azken hamarkadan herrialdeak bizi izan duen ezegonkortasun politikoari aurre egin beharko dio, eta gobernatzeko akordioak lortu beharko ditu, ez baitu eta gehiengo osorik. Gainera, Keiko Fujimorik Trumpengana gerturatzeko asmoa duela iragarri du, eta horrek aldaketa ekar dezake politikan, Peruko ekonomiaren bazkide nagusia Txina baita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X