'Madrilgo Taldea'k bilera egingo du gaur bi estatuen irtenbidea landu eta Gazako blokeoarekin amaitzeko
Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuaren Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak harrera egingo die gaur arratsaldean Madrilen, Europako eta arabiar herrialdeetako hainbat ministrori, Ekialde Hurbileko gatazka konpontzeko beste saiakera batean. Bi estatuen konponbidearen aldeko apustua berrestea, Israelen gaineko presioa handitzea eta Gazako Zerrendaren blokeoa amaitzeko urratsak egitea da bileraren helburua.
"Bi estatuen irtenbidea ezartzeko ministroen Madrilgo bilera" izena jarri dio Atzerri Ministerioak ekimenari, eta Europako hainbat herrialdetako ministroak bertaratzea espero da; Espainiako tesietatik gertuen daudenak edo Palestina aitortu dutenak, batez ere, baita arabiar herrialdeak ere. Dena dela, ofizialki ez da jakitera eman nortzuk izango diren bilera horretan.
Albares buru duen ministeriotik esan dutenez, nazioarteko eragileen arteko elkarrizketa bultzatzea da topaketaren helburua, "Gazako hondamendi humanitarioari amaiera emateko eta gatazkaren konponbide politikorantz aurrera egiteko, bi estaturen, Israelen eta Palestinaren, konponbidea gauzatuz, bata bestearen ondoan bakean eta segurtasunean bizi daitezen".
Nazioartea mobilizatzen jarraitzeko helburua dutela ere adierazi dute, "Gazaren gaineko erasoaldi militarra amaitzeko eta berehalako su-eten bat bultzatzeko, bahitu guztiak berehala askatzeko eta Gazara laguntza humanitarioa sartu ahal izateko, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren arabera".
"Israelek ezin du erabaki nork jasotzen dituen elikagaiak, noiz jasotzen dituen eta nola", ohartarazi zuen Albaresek ostegunean, Washingtonen, Marco Rubio AEBko Estatu idazkariarekin bildu ondoren.
Irailaren 13an egindako lehen bilerari jarraipena emango dio igande honetako bilerak, eta ekainaren erdialdean New Yorken egingo den goi-mailako konferentziaren atariko gisa ere balioko du. Konferentzia hori Frantziak eta Saudi Arabiak babestu dute, NBEren babesarekin.