Gazara laguntza daraman Madleen ontzia Israelgo indarrek bahitu dutela salatu du Askatasunaren Ontzidiak
Laguntza humanitarioa duen itsasontziak 12 pertsona ditu barruan, eta horien artean dago Greta Thunberg aktibista. Nazioarteko laguntza eskatu dute X sare sozialean eskegitako bideo batean.
Israelek Madleen ontzia hartu duen unea. Argazkia: EFE
Askatasunaren Ontzidia koalizioak salatu duenez, Madleen laguntza humanitarioa daraman ontziko tripulatzaileak "Israelgo indarrek bahitu" dituzte. 12 ekintzaile daude bertan, tartean Greta Thunberg aktibista.
Erakunde humanitarioak X sare sozialean argitaratu duenez, "SOS! Israelgo indarrek Madleeneko boluntarioak bahitu dituzte. Presionatu zuen Kanpo Arazoetako Ministerioak eta lagundu onik mantentzen!".
Sare sozialeko argitalpenekin batera, itsasontziko tripulazioa osatzen duten aktibista bakoitzaren mezuak jaso dira bideo formatuan.
Madleen ontzian aurrez grabatutako bideoetako batean, Greta Thunberg aktibista suediarrak nazioarteko laguntza eskatu du: "Suediakoa naiz (...) Bideo hau ikusten baduzue, Israelgo okupazio indarrek edo Israeli laguntzen dioten indarrek nazioarteko uretan atzematen eta bahitzen ari dira", adierazi du.
"Nire lagun, senide eta kide guztiei eskatzen diet Suediako Gobernuari presioa egiteko, ni eta besteak ahalik eta lasterren aska gaitzaten", izan da ekintzailearen mezua.
Francesca Albanese NBEk Palestinako Lurraldeetarako duen bozeramaileak, ontziarekin komunikazioa galdu zuela idatzi zuen bere sare sozialean, bideoak eskegi baino minutu batzuk lehenago: "Madleen Israelgo indarrek nazioarteko uretan atzeman eta konfiskatu dutenez, Erresuma Batuko gobernuak berehala eskatuko du azalpena, eta ontzia eta tripulazioa berehala askatuko direla ziurtatuko du".