Nord Streamen sabotajea

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ukrainiar bat atxilotu eta behin-behinean espetxera bidali dute Italian, Nord Stream gasbideen sabotajean ustez parte hartzeagatik

Karabineroek atxilotu dute 49 urteko gizona Riminin (Italiako ekialdea), Alemaniako Justizia Auzitegi Federalak abuztuaren 18an eman zuen euroagindua betez. Hain zuzen ere, Alemaniara estraditatuko dute aurki. 

Nord-Stream-fuga-efe

Alemaniako Fiskaltzak ostegun honetan jakitera eman duenez, 49 urteko ukrainar bat atxilotu dute Italian, 2022ko irailean Nord Stream gasbideen aurkako sabotajea koordinatu zuelakoan.

Fiskaltzaren arabera, "akusatua operazioaren koordinatzaileetako bat" da, eta besteak beste, azpiegiturari kalte egiten dion karga lehergarria leherrarazi izana eta eraikitze lanen kontrako sabotajea leporatzen diote.

Atxiloketa, kasu honekin lotutako lehena, Rimini probintziako karabineroen (polizia militarizatua) agenteek egin dute, abuztuaren 18an Alemaniako Justizia Auzitegi Federalak igorritako euroagindu bat exekutatuz era horretan. Atxilotua, Serguí K, opor egun batzukj igarotzen ari zen Italian, familiarekin. 

Atxilotu ondotik, Italiako Bologna hiriko (iparraldea) Fiskaltzaren aginduz, Riminiko espetxera bidali dute, eta han egon beharko du, kontrako xedapenik ezean, Alemaniara eraman bitartean. Behin hara iritsita, Justizia Auzitegi Federaleko instrukzioko epailearen aurrean eman beharko ditu kontuak. 

Alemaniako Estatuko Fiskaltzaren (GBA) ustez, 2022ko irailean Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan lehergailuak jarri zituzten pertsona talde bateko kidea zen, Baltiko itsasoaren ohean, Suediako Bornholm uhartetik gertu. Alemanian amaitzen dira gasbide horiek; hortik, sabotajeen egileak topatzeko Alemaniaren erabakimena. 

2022ko irailaren 26an, Nord Stream 1 eta 2 gasbideen lau lerroetatik hirutan leherketak izan ziren. Nord Stream 1 Alemaniari gas errusiarra emateko erabiltzen zen aurretik, Nord Stream 2, berriz, ez zen inoiz martxan jarri, Errusia Ukrainaren gainerko erasoarekin hasi ondoren.

Atxilotuari operazioaren koordinatzaileetako bat izatea, azpiegiturak suntsitzea eta sabotajea leporatzen dizkiote. 

Orain arte, GBAk egindako gertaeren ustezko nondik norakoen inguruko xehetasunak filtratu izan dira, baina fiskaltzak kasuaren inguruan informazioak ematen dituen aurreneko aldia da honakoa. Alemaniako Gobernuak ere ez du azken urteotan kontu honen inguruko adierazpenik egin nahi izan. 

Komunikatuaren arabera, Fiskaltzak uste du saboteatzaile taldeak yate-belaontzi bat erabili zuela, nortasun agiri faltsutuak erabiliz alokatua, eta Rostockeko portutik (Alemania) irteten zela. 

 

Nazioarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu