Israelek hastear du Gaza Hiria okupatzeko operazioa
Lehen pausoa eman du jada, Israelgo Armadako iturriek baieztatu baitute tropak zabaldu dituztela hiri inguruan. Gainera, Netanyahuren gobernuak 60.000 erreserbista gehiago aktibatu nahi ditu irailetik aurrera. Antonio Guterresek, bien bitartean, ekintza militar horrek Gazan sor lezakeen heriotza eta suntsipenaz ohartarazi du.
Israelen tankeak, Gazan. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahuk Gazako Hiriaren inbasio militarra aurreratzeko agindu eta biharamunean, hastear du Israelek Gaza Hiria okupatzeko operazioa. Lehen pausoa eman du jada; izan ere, Irsaelgo Armadako iturriek baieztatu dute dagoeneko tropak zabaldu dituztela hiriaren inguruan, ofentsibari ekiteko.
Horrez gain, Netanyahuren gobernuak 60.000 erreserbista gehiago aktibatu nahi ditu irailetik aurrera, Armadarekin bat egin dezaten.
Bien bitartean, eta Israelgo Armadak Gaza Hiria okupatzeko operazioa hastear duen honetan, Benjamin Netanyahuren gobernuaren aurkako ahotsak areagotzen ari dira.
Israelen, kaleko protestei azken orduotan oposizioaren burua batu zaio, Yair Lapidek esan baitu berka babestu egingo zuela Hamasek onartutako su-etena behar izanez gero. Alegia, Gobernuko bazkideek bizkar ematen badiote, oposizioaren babesa izango duela. Gauzak horrela, su-etena onartzeko eskatu dio.
Guterresek "berehalako" su-etena eskatu du
Nazioartera begiratuta, Netanyahuren asmoa geldiarazten saiatzen azkena Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen Idazkari Nagusia izan da.
Ekintza militarrek Gazan sor lezakeen heriotza eta suntsipenaz ohartarazi du, eta horrekin batera, berehalako su-etena eta bahituak aska ditzatela eskatu du.