Putinen eta Zelenskiren arteko goi-bilera gauzatzeko elkarrizketak aurrera doaz
Oraindik zehazteke dagoen leku eta egun batean, hitzorduak gero eta egingarriagoa dirudi. Izan ere, baliteke bi agintariak Genevan edo Budapesten biltzea. Testuinguru horretan, Errusiari zigor gehiago ezartzeko lanean ari da Europa.
Donald Trump AEBko presidentea eta Vladimir Putin Errusiako presidentea Alaskan goi-bilera izan eta egun batzuetara, Putinen eta Volodimir Zelenski Ukrainiako presidentearen arteko goi-bilera egiteko elkarrizketak aurrera doaz.
"Gerra geldiarazten saiatuko gara, eta uste dut aukera asko ditugula. Bilera arrakastatsua izan nuen Putinekin, Zelenskirekin bezala, eta uste dut hobe luketela ni gabe biltzea, zer gertatzen den ikusteko. Alegia, bien artean zer gertatzen den ikusi nahi dut", esan du Trumpek Mark Levin kazetari kontserbadorearen irratsaioan.
Trumpek hasiera batean hiru agintarien arteko bilera egin nahi zuen arren, Zelenskirekin eta Europako hainbat liderrekin bildu eta Putini telefonoz deitu ostean, nahiago du Errusiako eta Ukrainako buruzagien arteko aldebiko bilera bat egitea.
Oraindik zehazteke dagoen leku eta egun batean, Putin eta Zelenskiren arteko goi-bilerak gero eta egingarriagoa dirudi. Ildo horretatik, baliteke bi agintariak Genevan edo Budapesten biltzea.
Sergei Lavrov Moskuko diplomaziaburuak azpimarratu du bilera zehatz-mehatz prestatu beharko dutela, eta Putinen segurtasun interesak babesteko eskatu du.
"Bi buruzagiek biltzeko prest daudela adierazi dute. Gure segurtasun nazionaleko taldeak hori lortzen lagunduko die biei. Trumpek beti esan izan du gerra honetan desadostasun puntuak daudela eta bi herrialdeek eztabaidatu eta konpondu beharko dituztela. Horregatik, bi herrialdeek zuzeneko diplomazian parte hartzea nahi dugu", esan du Etxe Zuriak.
Testuinguru horretan, Europako agintariak Errusiaren aurka zigor gehiago ezartzeko lanean ari dira.