Astelehenean bonbardatu zuen ospitalean “Hamasen kamera bat” zegoela argudiatu du Israelek, ebidentziarik aurkeztu gabe
Israelgo Armadak "hasierako ikerketa" bat aurkeztu du astelehenean gertatutakoa argitzeko, baina ez du ebidentziarik eman ezer ez frogatzeko. Hogei pertsona hil zituzten erasoetan; tartean, bost kazetari.
Palestinarrak, ospitalearen aurkako bonbardaketan hildako kazetari baten gorpua eramaten. Argazkia: Europa Press
Gaza hegoaldeko Nasser Ospitalearen aurkako eraso bikoitzari buruzko "hasierako ikerketa" deitu eta argitaratu du Israelgo Armadak astearte honetan. Erasootan, hogei pertsona hil zituzten; tartean, bost kazetari. Israelek argudiatu du tropek "Hamasek jarritako kamera" bat aurkitu zutela ospitalearen inguruan, "tropen jarduera behatzeko eta jarduera terroristak zuzentzeko". Hala ere, ez du ebidentziarik aurkeztu.
EFE albiste-agentziak galdetuta, soldaduen bozeramaile batek esan du ezin duela argitu Armadak esan nahi ote duen Hamaseko miliziano batek kamera bat bertan utzi eta ihes egin zuela, edo erasoan hildako Reuters agentzia britainiarreko kameralariari islamisten kide izatea leporatzen ote dion.
Hussam al Masri kameralaria, Reuterseko kontratista bat, hil zen astelehen honetan, zuzenean grabatzen ari zela Nasser ospitaleko azken solairuko eskaileren aurkako erasoan. Bigarren bonbardaketa batean, Israelek beste kazetari eta erreskatatzaile batzuk hil zituen.
Gainera, Eyal Zamir Armadako Estatu Nagusiko buruak esan duenez, astelehenean hil zirenetako sei, guztiak gizonak, "Hamaseko edo Jihadeko milizianoak ziren", baina ez dute horren inguruko frogarik eman.
Erasoa bi faseko bonbardaketa bat izan zen, 'kolpe bikoitza' izenekoa, nazioarteko zuzenbidearen arabera legez kanpoko teknika bat, lehen bonbardaketa baten biktima posibleak ebakuatzera eta erreskatatzera joaten diren zibilen artean biktimak eragitea bilatzen baitu.