Eslovakia-Errusia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zelenskirekin bildu aurretik, Europako buruzagientzako mezu bat eskatu dio Ficok Putini

Eslovakiarrak ziurtatu du ez dituela ulertzen EBk Ukrainako gatazkan hartutako zenbait erabaki, eta Bratislavaren eta Moskuren arteko lankidetzarekin jarraitzeko prest agertu da.

BEIJING (China), 02/09/2025.- Slovak Prime Minister Robert Fico (L) and Russian President Vladimir Putin pose for photos before a meeting at Diaoyutai State Guesthouse in Beijing, China, 02 September 2025. (Rusia, Eslovaquia) EFE/EPA/ALEXANDER KAZAKOV / SPUTNIK / KREMLIN POOL MANDATORY CREDIT
Robert Fico eta Vladimir Putin, Txinan. Argazkia: EFE

Robert Fico Eslovakiako lehen ministroak Vladimir Putin Errusiako presidenteari Europako buruzagiei zuzendutako mezua helaraztea eskatu dio astearte honetan, ostiralean Volodimir Zelenski buruzagi ukrainarrarekin izango duen bileraren aurretik.

"Helarazi al diezaieket zure mezua nire lankideei (Europar Batasunean)?", esan dio Ficok Kremlineko buruari, Pekinen, Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 80. urteurreneko ospakizunen baitan egindako bileran.

Lehen ministroa ziur agertu da gaurko bileraren ostean Europako buruzagiek deituko diotela Putinek zer esan dion galdetzeko. "Deituko didate eta galdetuko didate: Zer esan zizun Putinek? Ondo legoke gai honi buruzko ikuspuntuak trukatzea", uste du Ficok.

Eslovakiarrak esan du ez dituela ulertzen EBk Ukrainako gatazkan hartutako zenbait erabaki, eta Bratislavaren eta Moskuren arteko lankidetzarekin jarraitzeko prest agertu da. "Europar Batasuna ez da gai munduko mugimenduen aurrean erreakzionatzeko", esan du.

Aldi berean, pozik agertu da Errusiako eta Ameriketako Estatu Batuetako buruzagiek Alaskan egin berri duten goi-bileragatik.

Zelenskirekin laster egingo duen bilerari dagokionez, Eslovakiako lehen ministroak ziurtatu du Ukrainako indarrek petrolio azpiegituraren aurka egiten dituzten erasoez hitz egingo duela bereziki.

Bestalde, Ukraina Europar Batasunean sartzeari oniritzia emateko bere herrialdeak dituen asmoez ere hitz egin du Ficok Putinekin. "Europar Batasunean sartzeari dagokionez, Ukrainarekin lankidetzan aritzeko prest gaude", gaineratu du.

Aldi berean, azpimarratu du Bratislava, NATOko kide gisa, Ukraina bloke horretan sartzearen aurka dagoela.

Bestalde, buruzagi errusiarrak adierazi du Errusiak ez diola inoiz kontra egin Ukraina Europar Batasunean sartzeko aukerari.

Putinek Eslovakiaren "politika independentea" goraipatu du, eta EBk Errusiari ezarritako murrizketak gorabehera, aldeen arteko merkataritza trukea handitzea espero du.

Nazioarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu