Erresuma Batuko lehen ministroak kabinetea birmoldatu du, bere albokoa zenak dimisioa eman ostean
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak bere kabinetearen birmoldaketa iragarri du ostiral honetan, Angela Rayner lehen ministrordearen dimisioa aprobetxatuz.
Orain arte Atzerri ministroa izan den David Lammy izendatu du Starmerrek bere alboko. Justiziako arduraduna ere izango da Lammy. Diplomaziako buru Yvette Cooper izango da, orain arte Barne ministro izan dena, eta azken horretan ariko da Shabana Mahmood, orain arte Justiziako arduradun zena.
Lucy Powell Komunen buruzagiak ere Gobernua utzi du, eta Alan Campbellek hartuko du haren tokia. Era berean, Ian Murray Eskoziako Gaietarako ministroa ere ez da Gobernuan izango, kanpoan utzi baitute. "Atsekabea" agertu du Murrayk erabakiaren harira. Haren lekuan izango da Douglas Alexander, Downing Streetek iragarri duenez.
Izendapen berrien artean daude Steve Reed Etxebizitza ministro gisa, Pat McFadden Lan Ministerioan, Peter Kyle Merkataritzan, Liz Kendall Zientzia eta Teknologia ministro gisa eta Emma Reynolds Ingurumen Ministerioan.