83 pertsona hil ditu Israelek Gazan erasoetan, eta beste bost, gosez
Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek esan du gerra amaituko litzatekeela Hamasek bahituak entregatu eta armak utziko balitu. Hamasek esan du bahituak askatzeko prest dagoela, Israelek bere indar guztiak Zerrendatik erretiratzen baditu.
Jendetza bildu da larunbatean Gazan hildako dozenaka pertsonen gorpuen bueltan. Argazkia: EFE.
Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako erasoen ostean Israelek Gazako Zerrendan abiatutako erasoaldi handiak 700 egun bete dituen egunean, gutxienez 83 pertsona hil dituzte indar israeldarrek Gazan, horietatik 31 janari bila ari zirela, Gazako Osasun Ministerioak zabaldutakoaren arabera.
Horiei aurreko egunetan hildako lau pertsonaren gorpuak gehitu behar zaizkie, erreskate taldeek hondakin artean berreskuratutakoak.
Urriaren 7tik, gutxienez 64.368 pertsona (18.500 haur) hil dituzte Gazan. Horietatik 2.416 Gazarako Fundazio Humanitario polemikoak kudeatzen dituen laguntza humanitarioko guneetan hil dituzte, edo hornigaiekin sartu diren kamioi bakanak igarotzen diren postu militarren inguruetan elikagaiak lortzen saiatzen ari zirela.
Era berean, larunbat honetan 5 pertsona (3 haur tartean) hil dira Gazan gosez. Erasoaldia hasi zenetik, 387 palestinar hil dira desnutrizioaren eta gosearen ondorioz, horietatik 138 haurrak ziren.
Negoziazioak eta baldintzak
Bien bitartean, Israelek, Gideon Saar Atzerri ministroaren bidez, Hamasi eskatu dio amore eman dezala, bahitu guztiak entregatu eta armak utz ditzala; izan ere, hori eginez gero, "gerra berehala amaituko litzateke". "Pozik egongo ginateke helburu horiek bide politikotik lortu ahal izango bagenitu", azaldu du.
Erantzun gisa, Basem Naim Hamaseko talde politikoko kideak herri palestinarraren "erresistentzia eta armak izateko eskubidea" defendatu ditu igande honetan, eta Jerusalemen hiriburu duen Estatu palestinar bat ezarri arte ez dutela etsiko esan du.
"Hori gertatu arte, Hamas epe luzerako su-eten batean parte hartzeko prest dago", gaineratu du.
Horren arabera, Hamas zain dago Israelek noiz erantzungo dion su-eten partzial baterako azken zirriborroari, eta prest dago akordio integral bat negoziatzeko, Israelgo kartzeletan preso palestinarren truke bahitu israeldar guztiak askatzea, gerra amaitzea eta indar israeldarrak Zerrendatik ateratzea bilduko lukeena.