Erresuma Batuak, Kanadak, Australiak eta Portugalek Palestinako Estatua onartu dute
Bien bitartean, Benyamin Netanyahuk esan du ez dela Palestinako Estaturik egongo, eta mehatxatu egin ditu herrialdeak. Horrenbestez, NBEko 150 herrialdek onartzen dute jada Palestina ofizialki, Europar Batasuneko 14 tartean.
Keir Starmer (Erresuma Batua), Mark Carney (Kanada) eta Anthony Albanese (Australia) lehen ministroek Palestinako Estatua ofizialki onartu dutela iragarri dute igande honetan.
Horiekin batera, Portugalek ere bat egin du Ekialde Hurbileko estatu horren onarpenarekin, igande arratsaldean bertan.
Bien bitartean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du ez dela Palestinako Estaturik egongo "Jordan ibaiaren mendebaldean", eta mehatxatu egin ditu Palestina onartu duten herrialdeak.
Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa
Ez da Palestinako Estaturik izango Jordan ibaiaren mendebaldean"
"Bi estatu sortzeko itxaropena desagertzen ari da, baina ezin dugu argi hori itzaltzen utzi", azaldu du Starmerrek.
Lehen ministro britainiarraren esanetan, irtenbide bideragarri bakarra bi estatu sortzea da. Starmerren arabera, konponbide hori Hamas "erakunde terrorista basatiak" aldarrikatzen duenaren kontrakoa litzateke.
Keir Starmer, Erresuma Batuko lehen ministroa
Bi estatu sortzeko itxaropena desagertzen ari da, baina ezin dugu argi hori itzaltzen utzi"
Mugimenduak aldaketa historikoa ekarri du Erresuma Batuko kanpo-politikan; izan ere, hainbat gobernuk esan zuten errekonozimendua bake-prozesu baten esparruan eta inpaktu diplomatiko handieneko unean bakarrik egin behar zela.
Starmerrek uztailean ohartarazi zuen irailean Londresek jarrera aldatuko zuela Israelek Gazan su-etenik ezartzen ez bazuen eta bi estatuen konponbidea bermatuko zuen akordio jasangarri batekin konprometitzen ez bazen.
Erabakiak Israelgo Gobernuaren, bahituen senideen elkarteen eta Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen kritika gogorrak jaso ditu.
Azken iragarpen horiekin, NBEko 150 bat herrialdek onartzen dute ofizialki Palestinako Estatua, Europar Batasuneko 14 tartean. Frantzia, Kanada, Australia, Zeelanda Berria, Espainia, Irlanda, Norvegia, Eslovenia eta Armenia daude horien artean.
Mark Carney, Kanadako lehen ministroa
(Palestinako Estatua onartzeak) ez du inola ere arriskuan jartzen Israelgo Estatuarekiko babes irmoa"
Kanada
Mark Carney Kanadako lehen ministroak azaldu duenez, erabakiak "ez du inola ere arriskuan jartzen Israelgo Estatuarekiko babes irmoa". Izan ere, bi estatu sortzeak "koexistentzia baketsua eta Hamasen amaiera" bilatzen du.
Anthony Albanese, Australiako lehen ministroa
(Australiak) onartzen du Palestinak estatu propioa izateko eskubidea; hala ere, Hamas erakunde terroristak ez du inolako parte hartzerik izan behar"
Australia
Anthony Albanese ministro australiarrak ere babestu du bi estaturen bizikidetza.
Era berean, plan bat egiteko deia egin du Albanesek Gazako Zerrendaren berreraikuntza errazteko eta "Israelen segurtasuna" bermatzeko.