Erresuma Batuak nortasun agiri digitala sortu du legez kanpoko immigrazioa geldiarazteko asmoz
Gaur egun, herrialdeak ez du nortasun agiri nazionalik, eta herritarrak pasaportearekin, gidabaimenarekin edo bestelako egiaztagiriekin identifikatzen dira. Lan egiteko edo etxebizitza alokatzeko nahitaezkoa izango da erakustea, legez kanpoko immigrazioa eragozteko helburuarekin.
Hainbat pertsona, Erresuma Batuan. Argazkia: EFE
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak ostiral honetan iragarri duenez, nortasun agiri digital bat sortuko dute Erresuma Batuan, legez kanpoko immigrazioa saihesteko helburuarekin, eta nahitaezkoa izango da identifikazio txartel hori erakustea lan egiteko edo etxebizitza alokatzeko. Nortasun agiri hori doakoa izango da.
Gaur egun, herrialde horrek ez du nortasun agiri nazionalik, eta herritarrak pasaportearekin, gidabaimenarekin edo bestelako egiaztagiriekin identifikatzen dira.
Neurri horrek datu-base zentralizatu bat izatea ekarriko du, eta zenbait politikari eta giza eskubideen aldeko erakunde aurka agertu dira, gehiegizko esku-hartzearen beldur baitira.
Erresuma Batuko lehen ministroak ohar batean azaldu duenez, kredentziala Gobernuaren etorkizuneko zorro digitalean sartuko da, eta erabiltzailearen telefonoan gorde ahal izango da, "segurtasun handiko zifratuarekin". Agiria soilik kasu jakin batzuetan erakutsi beharko da.
Nortasun agiri digitala legegintzaldi honetan indarrean sartzea aurreikusten da, lege bat onartu ondoren, eta norbanakoaren izena, jaioteguna, nazionalitatea zein bizileku-estatusa eta argazkia jasoko ditu. Mugikorra galtzen bada, datuak ezeztatu eta berriro igorri ahal izango dira, agintarien esanetan.
Laboristen gobernuak azpimarratu duenez, dokumentuak izapideak arintzea ahalbidetuko du, hala nola gidabaimena lortzea, zerga-historiarako sarbidea eta gizarte-laguntzen eskaera, eta, hala, "izapideak egiteko denbora murriztuko da".
Gaur egun, Erresuma Batuko prozesu burokratikoetan, nortasuna hainbat bitartekorekin batera frogatu behar da, eta horrek, adibidez, egoitza frogatzeko fakturak aurkeztu behar izatea ekar dezake.