Bahituen eta preso palestinarren zerrendak trukatu dituzte Gazako su-eten planaren elkarrizketetan
Hamasek iragarri du elkartrukea elkarrizketen hirugarren egunean. AEBko Ekialde Ertainerako ordezkaria, Steve Witkoff, eta Trumpen suhia, Jared Kushner, Egiptora iritsi dira negoziazioetan parte hartzeko. Hurrengo orduetan Jihad Islamikoaren eta Palestina Askatzeko Herri Frontearen ordezkariak espero dituzte.
Gazako Zerrendako iparraldeko palestinarrak hegoaldera ihes egin dute operazio militarraren erdian. Argazkia: Europa Press.
Israelgo eta Hamaseko ordezkaritzak Gazan su-etena lortzea helburu duten negoziazioen hirugarren egunean murgilduta daude. Talde islamistak iragarri duenez, akordio batera iritsiz gero askatuko lituzketen preso palestinar eta bahituen izenak dituzten zerrendak trukatu dituzte.
Egiptoko Sharm el Sheij hirian ari dira egiten Donald Trump AEBko presidenteak aurkeztutako proposamenaren inguruko negoziazioak. Israelgo eta Hamaseko ordezkariez gainera, Egiptoko, Qatarreko, Turkiako eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) goi-ordezkariak ere ari dira parte hartzen bitartekari gisa. Elkarrizketen hirugarren egunean, Steve Witkoff, AEBk Ekialde Hurbilerako duen ordezkaria, eta Donald Trumpen suhia, Jared Kushner, negoziazioetara batu dira.
Datozen orduetan, gainera, Jihad Islamikoaren eta Palestina Askatzeko Herri Frontearen fakzio palestinarren ordezkaritzak iritsiko dira. Anonimatua mantentzea eskatu duten elkarrizketen gertuko iturrien arabera, Hamasek bi fakzio palestinar horiek sartzea eskatu du.
Hirugarren egun honetan, presoen eta bahituen askatasuna izan dute hizpide. Taher Al Nounou Hamaseko goi funtzionarioak adierazi duenez, gaur goizean "trukatuko lituzketen presoen zerrenda entregatu dute, adostutako irizpide eta zifrak errespetatuz". Era berean, "alde guztiak baikortasun espirituz” ari direla lanean aipatu du eta Hamasen ordezkaritzak "aurrerapausoak lortzeko eta akordioa betetzeko erantzukizuna” erakutsi duela azpimarratu du.
Al Nounouren hitzetan, "bitartekariak ahalegin handiak egiten ari dira su-etenaren aplikazioari oztopoak kentzeko". "Negoziazioak gerraren amaieran, okupazio indarrak Gazatik irtetean eta presoen trukea ezartzeko mekanismoetan” oinarritzen direla gehitu du.
Hala ere, Qatarreko ordezkariek baikortasuna apur bat murriztu dute. Mayed Al Ansari Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan du “oraindik xehetasun asko zehaztea” falta dela.