500 milioi haur baino gehiago bizi dira gatazka armatuen eremuetan
Save the Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2024an 520 milioi adingabe baino gehiago bizi ziren gatazka-guneetan. Afrika da eskualde kaltetuena: kontinente horretako haur guztien % 32 indarkeria armatuaren eraginpean bizi dira. 2024an, egunero, batez beste, 78 haur erailketen, bahiketen, sexu-erasoen eta mutilazioen biktima izan ziren, besteak beste.
Yemengo hiru haur. Argazkia: EFE/Save the Children/Al-Baraa Mansoor
Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak astearte honetan argitara eman duen txostenaren arabera, 2024an 520 milioi haur gatazka armatuen eremuetan bizi ziren.
Horrek esan nahi du munduko bost haurretatik bat gatazka-gune batean bizi dela, eta Afrika da eskualde kaltetuena, kontinente horretan 218 milioi haur bizi baitira indarkeria armatuaren eraginpean, hau da, kontinente horretako haur guztien % 32.
2024ko egun bakoitzean, batez beste, 78 adingaberen eskubideak urratu zituzten: hilketak, bahiketak, sexu-erasoak, mutilazioak, borrokarako nahitaez errekrutatzea eta ikastetxeen kontra egindako erasoak.
NBEk 41.763 kasu larri egiaztatu zituen mundu osoan, aurreko urtean baino % 30 gehiago.
Haurren eskubideen urraketen kasuen erdiak lau gerra edo gatazka testuinguruetan izaten ari dira: Palestina, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Niger eta Somalian. Haur palestinarrak dira kaltetuenak: 2024an munduan hildako edo mutilatutako hiru haurretatik bat palestinarra zen.
Gainera, lotura izugarria dago haurren aurkako indarkeriaren eta gastu militarren artean: babesik gabeko haur gehien dituzten herrialdeak dira, aldi berean, armak erosteko diru gehien gastatzen dutenak.
Ikuspegia ez da ona, herrialde aberatsak laguntza humanitariora bideratzen duten finantziazioa murrizten ari direlako, eta NBE bera erreformen eta murrizketen aldi batean murgilduta dagoelako, eta horrek munduko haurren egungo babesaren zati bat estali gabe utziko du.