Hamasek beste gorpu bat entregatu du, Israelgo militar baten gorpua antza
Hamaseko dozenaka milizianori Gazara itzultzeko aukera emango die horrek. Gorpu hori eman ostean, israeldarren lau gorpu omen daude oraindik Gazan lurperatuta.
Desplazatuak, Gazan. Argazkia: EFE
Al Qasam Brigadek, Hamasen adar armatuak, beste gorpu bat entregatu du igandean. Informazioen arabera, Hadar Goldin soldadu israeldarraren gorpua izan liteke. Israelgo Armadako tenientea 2023ko urriaren 7an harrapatu ez zuten bakarra da; izan ere, 2014an hil zen, Israelek Gazan egindako erasoaldi batean.
"Israelek hildako baten kutxa jaso du Shin Beten (Gazako Zerrenda), Gurutze Gorriaren eta Israelgo Defentsa Indarren (FDI) bitartez. Handik, Israelera eramango dute", baieztatu du Israelgo lehen ministroaren bulegoak.
Gorpuaren nortasuna Tel Aviveko Abu Kabir Institutu Forentseak baieztatuko du. Nor den baieztatutakoan, Israelgo Gobernuak familiekin hitz egingo du.
Al Qasamek ohar baten bidez jakinarazi duenez, larunbatean aurkitu dute gorpu hori, Rafahko Yebna kanpalekuko tunel batean, Gazako Zerrendaren hegoaldean.
Hamasek behin baino gehiagotan salatu du su-etena indarrean sartu zenetik Israelgo indar armatuek ez diotela Rafahn sartzen utzi, soldaduaren gorpua bertan zegoela uste zuten arren.
Haaretz egunkari israeldarraren arabera, Etxe Zuriak Hamasi adierazi dionez, "Goldinen gorpua itzultzeak Hamaseko 100-150 miliziano kartzelatik ateratzen lagun lezake".
Horren nortasuna baieztatuz gero, 4 israeldarren gorpuak bakarrik geratuko dira Gazan, milizia palestinarrek dagoeneko 24 gorpu entregatu baitituzte.