Trumpek 1.000 milioi dolarreko salaketa jarriko diola mehatxu egin dio BBCri
Samir Shah BBC katearen presidenteak adierazi duenez, datorrena datorrela, aurre egiteko prest dago. Hala ere, Britainia Handiko parlamentuari barkamena eskatu dio eta dokumentalaren edizioan "irizpide akatsak" izan direla aitortu du.
Trump, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Donald Trump AEBko presidenteak mehatxu egin dio BBCri “gutxienez 1.000 milioi dolarreko salaketa” jarriko diola, baldin eta haren aurkako “adierazpen iraingarriak" atzera botatzen ez baditu. 2021eko urtarrilean Kapitolioari egindako erasoari buruzko dokumental baten edizioak polemika sortu du eta, ondorioz, BBCren zuzendari nagusiak eta albistegien buruak dimisioa eman dute.
Trumpek "dokumentala berehala, osorik eta modu justuan zuzentzea” eta engainagarritzat jotzen diren adierazpen batzuk atzera botatzea eskatu du, "jatorrizko argitalpenaren pareko modu agerian". Halaber, "berehala barkamena” eskatzea eta “egindako kaltearengatik konpentsazio egokia ematea" ere eskatu du.
Korporazioari bidalitako gutunean, Alejandro Brito presidentearen abokatu pertsonalak ohartarazi du, eskatutakoak ez badira betetzen 2025eko azaroaren 14ko arratsaldeko 5ak baino lehen (AEBko ekialdeko kostako ordutegia), Trumpek "bere eskubide legalak eta bidezkoak baliatzea beste aukerarik” ez duela izango, “galerengatik gutxienez 1.000 milioi dolarreko ekintza legalak hastea barne".
Bestalde, Samir Shah BBC katearen presidenteak elkarrizketa batean adierazi du ez zeukala mehatxu legalen berri, baina ziurtatu du Trump "oso tipo gatazkatsua" dela eta katea “datorrena datorrela, aurre egiteko prest” dagoela.
Halaber, Parlamentuko Kultura, Komunikabide eta Kirol Batzordeari bidalitako gutun batean, Shahek barkamena eskatu du, eta onartu du dokumentalaren edizioan "irizpide akatsak" egon direla. Adierazi duenez, edizioaren helburua zen "audientziak hobeto ulertzea Trump presidentearen aldekoek haren mezua nola jaso zuten eta une horretan zer gertatzen ari zen".