Jose Antonio Kast ultraeskuindarrak irabazi ditu Txileko hauteskundeak
Kastek iragarri du migratzaileak masiboki kanporatuko dituela, migrazioa delitu gisa tipifikatuko duela eta segurtasun goreneko kartzelak eraikiko dituela.
Jose Antonio Kast ultraeskuindarrak irabazi ditu Txileko presidentetzarako hauteskundeak, Jeannette Jara ezkertiarrari gailenduta.
Botoen % 99 zenbatuta, 59 urteko ultraeskuindarrak bozen % 58,1 eskuratu ditu. Ezkerrak, berriz, botoen % 41,8 lortu ditu atzo egindako hauteskundeetan.
Kastek Txikeko 16 eskualdeetan irabazi du, baita gotorleku ezkerzaleetan ere. Bigarren garaipenik zabalena da, Txile demokraziara itzuli zenetik.
Kastek 1988ko plebiszituan Augusto Pinochet jeneralaren aldeko kanpaina egin zuen. Izan ere, Moneda jauregira iritsiko den Pinocheten aldeko lehen politikaria izango da.
Bederatzi seme-alabaren aita eta katoliko sutsua da Kast, eta martxoaren 11n hartuko du aginte makila Gabriel Boric progresistaren eskutik. Hain zuzen ere, Boric aurkari izan zuen Kastek 2021eko hauteskundeetan
Alemaniar jatorriko migratzaileen seme denak eskerrak eman ditu jasotako zorion mezuengatik, eta "trantsizio oso ordenatua, errespetuzkoa" izatea nahi duela adierazi du.
Kanpaina ia modu monotematikoan bideratu da delinkuentziaren eta migrazio irregularraren gorakadaren inguruan, nahiz eta Txile kontinenteko herrialde seguruenetako bat izan, 100.000 biztanleko 6ko hilketa-tasarekin.
Kastek, eskualdeko beste buruzagi ultra batzuekin lotura estua du, eta migratzaileak masiboki kanporatzea, migrazioa delitu gisa tipifikatzea eta segurtasun goreneko kartzelak eraikiko dituela agindu du, narkotrafikoko liderrak erabat isolatzeko.
Jose Antonio Kast presidente hautatua, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Kast: Egoera ez da egun batetik bestera konponduko
Presidente hautatu gisa egin duen lehen hitzaldian, batasuna aldarrikatu du eta "txiletar guztientzat" gobernatuko duela agindu du.
Kanpainan egin bezala, legez kanpoko migrazioari aurre egiteko neurriak ezarriko dituela iragarri du, baina tonua apaldu du. Ildo horretan, aldaketak egiteko denbora beharko duela azpimarratu du.
Jeannette Jara ezkertiarrak porrota onartu du. Argazkia: EFE
Jarak oposizio eraikitzailea agindu du
Alderdi komunistako kideak porrota onartu eta oposizio eraikitzailea egingo duela hitzeman du. Halaber, azken urteetan lortutako eskubideak defendatzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du.
Ildo horretan, batasuna mantentzeko deia egin dio bere koalizioari, ultraeskuinari aurre egiteko.