Bondiko atentatuaren ostean, armen gaineko legeak gogortu egingo dituztela iragarri du Australiak
Australiako Gobernuak erantzun dio igandean Bondi hondartzan izandako erasoari, eta iragarri du aldaketak egingo dituztela armei buruzko legedian, kontrolak indartzeko. Sydneyn 16 pertsona hil zituzten.
Biktimei egin zioten omenaldia. Argazkia: EFE
Anthony Albanese Australiako lehen ministroak iragarri duenez, Gobernuak suzko armei buruzko legedia indartuko du, eta arreta berezia jarriko dio lizentziak emateko eta kontrolatzeko sistemari, Sidneyko Bondi hondartzan izandako atentatuaren ostean.
Gobernuburuak azaldu duenez, aurreikusitako neurrien artean daude Armen Erregistro Nazionala bizkortzea, lizentziak ematean inteligentzia kriminal gehiago erabiltzea, pertsona bakoitzeko arma kopurua mugatzea eta baimendutako arma motak berrikustea. ABC kate publikoan egindako elkarrizketa batean, Albanesek "senak agintzen duen aldaketak" direla defendatu du, eta armagintzaren lobbyari aurre egiteko prest dagoela esan du, eta erreformak herrialde osoan modu koordinatuan aplikatu behar direla azpimarratu.
Ildo beretik, Chris Minns Hegoaldeko Gales Berriko gobernadoreak adierazi du aztertzen ari dela Parlamentura berriro deitzea arau berriaren onarpena bizkortzeko, eta azpimarratu du "aukera guztiak mahai gainean" daudela legedia gogortzeko, eta prozesu hori "azkar" egin behar dela. Daniel Mookhey Estatuko diruzainak "premiazko" gaitzat jo du erreforma, eta lege aldaketetan atzerapenik gabe aurrera egitea babestu du.
Gobernu federalaren eta tokiko agintarien erreakzioa komunitate juduak Bondi hondartzan antolatutako ekitaldi batean izandako tiroketa batek 16 pertsona hil eta dozenaka zauritu ostean gertatu da. Ustezko egileak Sajid Akram, 50 urtekoa, eta Naveed Akram, 24 urtekoa, dira; Albanesek Estatu Islamikoaren ideologiarekin lotu du atentatu terrorista.
Minnsek ez du Sajid Akrami arma-lizentzia emateari buruzko ondoriorik aurreratu, nahiz eta agintariek jakin semea Australiako inteligentzia agentziaren ikerketapean egon zela. Sajid Akramek hamar urte zeramatzan lizentzia horrekin eta gutxienez sei arma zituen erregistratuta.