Lehen ministro nazionalistak alde handiz irabazi ditu Kosovoko hauteskundeak
Albin Kurtzen 'Autodeterminazioa' alderdiak botoen % 49 lortu ditu, 2021ean baino emaitza hobeak eskuratuz. Gobernua osatzeko enkargua jasoko du, eta otsailean botoen % 42 eskuratu eta gobernua osatzeko gai izan ez bazen ere, oraingoan herrialdea paralisi politikotik ateratzeko gai izan daiteke.
Albin Kurti lehen ministroa igandeko hauteskundeetan bozkatzen. Argazkia: EFE
Albin Kurti jarduneko lehen ministroaren Autodeterminazioa (Vetëvendosje) alderdiak irabazi ditu igande honetan Kosovoko hauteskunde aurreratuak, botoen % 49 lortuta, botoen % 93,43 zenbatuta, Hauteskunde Batzorde Zentralaren arabera.
Bigarren postuan geratu da oposizioko Kosovoko Alderdi Demokratikoa (PDK) botoen % 21ekin, ondoren Kosovoko Liga Demokratikoa (LDK) % 13,9rekin eta Kosovoren Etorkizunerako Aliantza (AAK) % 5,8rekin.
Otsaileko hauteskundeetako emaitzak asko hobetu ditu Kurtinen alderdiak, orduan botoen % 42,3 eskuratu baitzituen, 2021ean lortutako gehiengo osoa galduz (botoen % 48,1 lortu zituen). Otsailean, ez zuen Gobernua osatzeko beste indarren babesik lortu eta herrialdea paralisia politikoan murgildu zen.
Orain, oposizioak, oro har, otsailean baino babes gutxiago izan du.
Legebiltzarreko eserlekuen banaketa funtsezkoa izango da 'Autodeterminazioa' alderdia gehiengo absolututik gertu geratzen den eta gutxiengoen diputatuen babesarekin goberna dezakeen jakiteko (serbokosovarren botoak izan ezik).
Serbiako antzinako probintziako gutxiengo etnikoentzat erreserbatuta daude 20 eserleku (hamar serbokosovarrentzat eta gainerakoak beste batzuentzat, hala nola, erromaniarrentzat eta bosniakoentzat).
Serbiak zein Europar Batasuneko (EB) bost estatuk (Espainia, Errumania, Grezia, Eslovakia eta Zipre) ez dute orainidk Kosovoren independentzia onartzen.
2021etik tentsio gorakada izan da Serbiarekin eta Kurtik Europar Batasunarekin (EB) eta Estatu Batuekin (Kosovoren aliatu nagusiak) ere tirabirak izan ditu.
EBk Serbiarekin normalizazio-elkarrizketa berpizteko prest dagoen Gobernu bat espero du, Serbiak eta Kosovok bloke komunitarioan integratzeko bidean aurrera egin dezaten ezinbesteko baldintza dena.
2023an, Europako Batzordeak zigor diplomatikoak ezarri zituen eta Kosovorako funtsak izoztu zituen, baina Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak abendu honetan bertan agindu du finantza-laguntzari berrekingo zaiola. Hori bai, Parlamentua berriz ere Gobernua osatzeko gai ez bada, Kosovok Mendebaldeko Balkanetarako EBren Hazkunde Planeko funtseak galtzeko arriskua du, 6.000 milioi euro, hain zuzen ere.