AEBk CIAren droneekin eraso zion Venezuelako portu bati, 'New York Times' egunkariaren arabera
Oraingoz, ez Pentagonoak, ez AEBko Gobernuak, ez Venezuelak, ez dute baieztatu Trumpek aipatutako erasoa. Baieztatuko balitz, AEBk Venezuelako lurretan egindako lehen erasoa izango litzateke.
Donald Trump AEBko presidenteak ziurtatu duenez, indar estatubatuarrek "instalazio handi bat" suntsitu zuten joan den astean, Venezuelaren ustezko droga-trafiko sare baten aurkako kanpainan.
"Biltegi handi bat dute, edo instalazio handi bat, eta handik ateratzen dira itsasontziak. Duela bi gau suntsitu genuen", nabarmendu du handiki errepublikanoak astelehenean AEBko hedabideek zabaldutako irratsaio batean.
Oraingoz, ez Pentagonoak, ez AEBko Gobernuak eta ez Venezuelak ez dute baieztatu eraso hori, eta baieztatuz gero, AEBk Venezuelako lurretan egindako lehen erasoa izango litzateke.
New York Times egunkariaren arabera, AEBko Inteligentzia Agentzia Zentralaren (CIA) erasoaren jomuga Araguako Trena talde transnazionalak narkotikoak gordetzeko eta itsasontzietan lekualdatzeko erabiltzen zuen kai bat izan zen.
Iturri anonimoek adierazi dutenez, instalazioetan ez zegoen inor erasoaren unean eta ez da biktimarik izan.
Egunkariaren arabera, operazioak Trumpen Administrazioak Nicolas Maduroren Gobernuaren aurka egindako presio kanpaina areagotu du, zeina orain arte nazioarteko uretan narkotrafikoko ontzi susmagarrien aurkako ekintzetara mugatu den. Gisa horretako azken erasoa bart bertan izan da; AEBko Hego Komandoak ustezko narkotxalupa bat suntsitu du eta bertan zihoazenetako bi hil ditu.
Duela zenbait astetik hona, drogak kargatzen omen dituzten 30 bat txalupa suntsitu eta 100 lagun baino gehiago hil ostean, Trumpek ohartarazi du Nicolas Maduroren Administrazioaren aurkako presio-kanpainaren barruan Washington lehorreko helburuei eraso egiten hasiko zela.