Israelek Somalilandia aitortzea, Afrikako Adarreko taula geoestrategikoan faktore berria
Israelek Somalilandia onartzeak hamarkadetako gatazka sezesionista pizteaz gain, pieza berri ezegonkor bat txertatzen du Afrikako Adarreko eta Ekialde Ertaineko aliantzen eta etsaitasunen taula geoestrategiko konplexuan.
Netanyahuren eta Somalilandiako presidentearen arteko bideokonferentzia. Argazkia: @netanyahu
Israelek Somalilandiako eskualde erdiautonomoa aitortu izanak fokupean jarri du atzera Somalia iparraldean kokatutako eta 1991an bere burua errepublikatzat izendatutako eskualde hori. Somalian Siad Barreren erregimena erori ostean aldarrikatu zuen independentzia Somalilandiak, baina, Israel izan da erabaki horren legezkotasuna onartzen aurrena.
Netanyahuk “Abrahameko Akordioen izpiritua”-ren luzapen gisa aurkeztu du erabakia, eta lurrikara diplomatikoa eragin du nazioartean. Somaliako gobernuaren arbuio irmoaz gain, nazioarteko komunitate osoaren errefusa eragin du, Somaliaren subiranotasuna eta lurralde-osotasunaren alde eginda. Taiwan izan da iragarpena txalotzen bakarra.
Netanyahuk zuzenean, dei bidez, eman zion jakitera bere erabakiaren berri Abdirahman Mohamed Abdulahi Somalilandiako presidenteari, Israelek inguru horretako elkarlanak sustatzeko ahaleginean. Mugimenduari berehala erantzun zion Somaliako gobernuak: Parlamentuak “baliogabe” jo zuen aitorpena ez-ohiko batzar batean, Nazioarteko Zuzenbidearen kontra zihoala argudiatuta.
Somaliako presidente Hasan Sheij Mohamudek salatu egin zuen Israelen “erasoa” eta ohartarazi zuen eskualdearen “egonkortasuna arriskuan” jartzeaz gain, “muturreko elementuak” biziberritu zitzakeela, hala nola, Al Shabaab taldea, Al Qaedari lotua eta Netanyahuren erabakiaren aurka agertu dena.
Funtsezko kokapen geoestrategikoa
Israelen mugimendu honek Somalilandia eztabaida geoestrategiko baten erdian kokatzen du. Aitorpenkin gabeko lurraldea izanik ere, gobernu autonomo funtzionala du azken hiru hamarkadetan, eta Somaliako eskualde egonkor eta demokratikoenetakotzat jotzen da.
Somalilandiaren gakoa bere kokapena da. Adengo golkoaren parean 100 kilometroko kosta du, Yemen parez pare duela eta munduko itsas-komertzioaren zati oso esanguratsua igarotzen den Bab el Mandeb itsasarte estrategikotik oso hurbil.
Israelen aitortza honen aurretik izan zen beste akordio polemikorik. Izan ere, 2024an Somalilandiak eta Etiopiak elkar-ulertze akordio bat sinatu zuten, zeinaren bidez Adis Abebak itsasora sarbidea lortu nahi zuen, etorkizun batean Somalilandia aitortzearen truke. Gaur gaurkoz, ez da halakorik lur-gainean materializatu.
Bi hitzarmen horiek eskualdearen kokapen estrategikoa probestu nahi dute eta Somaliaren subiranotasunaren kontrako eraso zuzentzat hartu dira.
Nazioarteko erreakzioak eta beldurrak
Israelek emandako pausoa txalotu dute Somalilandiako agintariek, euren helburu independentistentzat garaipen historiko gisa ikusten baitute. Baina erabakia arbuiatu dute Afrikar Batasunak, Liga Arabiarrak, Turkiak -Mogadiscioren aliatu sendoa, herrialdean base militar handia duena-, Iranek, Palestinako gobernuak, Hamas mugimenduak eta Yemengo errebelde huthiek, Israelek inguru horretan martxan duen joko geopolitikoan kokatzen baitute neurria.
Horien guztien artean piztu dituen kezka eta beldur nagusienetako bat da Israelek Somalilandiarekin akordio militarrak eta segurtasun arlokoak lortzea, eta horien bitartez, Yemengo kosta parean base militarrak eraikitzea; azken urteotan herrialde horren kontra bonbardaketa ugari egin ditu Israelek, huthiek Gazako genozidioari erantzun gisa Israeli eraso egin ondotik.
Era berean, agintari palestinarrek eta Hamasek ohartarazi dute Israelgo gobernuak Somalilandian birkokatu nahiko dituela agian Gazako herritarrak, bertatik botata. Somalilandiako agintariek, ordea, baztertu egin dute aukera hori mahai gainean dagoenik.
Turkiak, bere aldetik, mesfidati begiratzen dio Israelen erabakiari -Sirian elkarren kontra ari dira-, bereziki Somalian inbertsio handiak dituelako Turkiak. Ankarak bertan du, esaterako, Turkiaz kanpoko base militarrik handiena. Gobernu turkiarrak, gainera, babes handia eman izan dio Somaliako armadari Al Shabaaben kontrako borrokan eta Mogadiscioren bazkide nagusienetakoa da.
Israelek Somalilandia onartzeak hamarkadetako gatazka sezesionista pizteaz gain, pieza berri ezegonkor bat txertatzen du Afrikako Adarreko eta Ekialde Ertaineko aliantzen eta etsaitasunen taula geoestrategiko konplexuan.