EKIALDE HURBILA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Trumpek Tony Blair, Marco Rubio eta Jared Kushner jarri ditu Gaza berreraikitzeko Batzorde Exekutiboaren baitan

Donald Trump bera izango da batzorde horren buru. Azken orduotan, Erdogan, Al Sisi eta Milei Turkiako, Egiptoko eta Argentinako buruzagiei ere batzordera biltzeko eskaintza egin die AEBko presidenteak. 

Tony Blair eta Donald Trump

Tony Blair eta Donald Trump, Xarm el-Xeikh hiriko Bake Konferentzian, iazko urrian. Argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidentearen agindupean Gazako Zerrenda berreraikitzeko ardura izango duen Batzorde Exekutiboa nortzuk osatuko duten jakinarazi du Etxe Zuriak. "Bake Batzordea" izena jarri diote erakundeari, eta Trump bera izango du buru. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia, AEBko Gobernuko hainbat buruzagi eta enpresaburuak izango dira hori osatuko duten kideen artean. 

Politikari britainiarraz gain, honakoek osatuko dute batzordea: Marco Rubio AEBko Estatu idazkaria, Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako bidali berezia, Jared Kushner Trumpen suhia, Robert Gabriel Segurtasun Nazionalerako aholkulariondokoa, Marc Rowan milioidun estatubatuarra eta Ajay Banga Munduko Bankuko presidente indiar-estatubatuarra.

Etxe Zuriaren arabera, kide bakoitzak zeregin jakinak izango ditu, besteak beste, "gobernantza-gaitasuna indartzea, eskualde-harremanak egitea, berreraikitzea, inbertsioak erakartzea, eskala handiko finantzaketa lortzea eta kapitala mobilizatzea".

Erdogan, Al Sisi eta Milei ere gonbidatu ditu Trumpek

Gerora jakin denez, Trumpek beste buruzagi batzuei ere egin die batzordean parte hartzeko gonbidapena. Besteak beste, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, Abdelfata al Sisi Egiptokoak eta Javier Milei Argentinakoak jaso dute eskaintza.

Turkiako Presidentetzak eta Badr Abdellaty Egiptoko Atzerri ministroak, biek ala biek, baieztatu dute albistea. Horien arabera, gobernua "auzia eta jasotako dokumentuak aztertzen ari da" erantzuna eman baino lehen. 

Mileik, bere aldetik, onartu egin du eskaintza, sare sozialetan berak baieztatu duenez. Argentinako presidenteak esan du "ohorea" dela gonbidapena jaso izana, eta, gaineratu duenez, gobernua "beti egongo da terrorismoaren aurka ari diren herrialdeen alde, baita bizia eta ondasunak defendatzen eta bakea eta askatasuna sustatzen dutenen alde". 

Gazarako goi ordezkaria nor izango den ere jakinarazi du jada AEBko Gobernuak: Nickolay Mladenov bulgariarra izango da, herrialde horretako Atzerri ministro eta Ekialde Hurbilerako Bake Prozesuaren NBEren koordinatzaile berezia izandakoa. Jasper Jeffer AEBko Armadako operazio berezien komandatea, berriz, Egonkortzerako Nazioarteko Indarraren buru jarriko dute. Talde horrek Gazaren segurtasuna eta desmilitarizazioa bermatu beharko du, betiere Trumpek taxututako bake planaren arabera. 

Hain justu, plan horren bigarren fasea abiatu dutela jakinarazi du asteon Etxe Zurian. Fase horretan, teknokraten gobernu bat osatu, eta Hamas desarmatuko dute. Batzordeari egokituko zaio egitasmoan zehaztutako urratsak egitea eta Gazako gobernu berria gainbegiratzea. 

Zure interesekoa izan daiteke

Audiencia Nacional
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Sidenor auziko epaileak mediku palestinar bat onartu du biktima eta akusazio partikular gisa

Akusazio partikular horrekin, Sidenorreko hiru arduradunak kontrabando delituaz gain, genozidio delituaren, gizateriaren aurkako delituaren eta gatazka armatuan babestutako pertsonen eta ondasunen aurkako delituan konplize gisa ikertu ahal izateko baldintza beteko litzateke. Fiskalak Sidenorreko erregistroak baliogabetzeko eskatua zuen, eta kontrabandoa ez beste delituen akusazioak erretiratzea, hain zuzen ere, baldintza hori betetzen ez zelako. Ikusteko dago, orain, ikerketak zer norabide hartuko duen. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X