GROENLANDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Danimarkak eta Groenlandiak NATOk uhartean misio bat egitea eskatu diote Mark Rutteri

Bruselan egindako bileraren ostean, Danimarkako Defentsa ministroak adierazi du AEBk Groenlandia bereganatzeko duen asmoaren ondorioz herrialdeak are beharrezkoagotzat jo duela eskualdearen Defentsan inbertitzea.

Rutte Poulsen eta Motzfeldtekin elkartu da, Groenlandiari buruz hitz egiteko.

Troels Lund Poulsen Danimarkako Defentsa ministroa eta Vivian Motzfeldt Groenlandiako Atzerri ministroa Mark Rutte NATOren idazkari nagusiarekin bildu dira astelehen honetan, Bruselan, eta Aliantza Atlantikoak Artikoko uhartean misio bat egin dezala eskatu diote, Amerikako Estatu Batuek Groenlandia bereganatzeko asmoa agertu ondoren. 

Bileraren ondoren kazetarien aurrean egin duten agerraldian ez dute zehaztu zer erantzun dien NATOren idazkari nagusiak, baina "Aliantza Atlantikoa zelan dagoen jakitun" dela jakinarazi dute.

Poulsenek Danimarka, Norvegia, Suedia, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Herbehereak eta Finlandia parte hartzen ari diren maniobra militarrei buruz ere hitz egin du. Artikoaren defentsan erantzukizun handiagoa hartzeko ahaleginean, Danimarkako Gobernuak daukan "estrategia argiaren" erakusle direla esan du.

Era berean, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Groenlandia bereganatzeko asmoaren inguruan egindako adierazpenak "benetan mingarriak" izan direla adierazi du. Horren ondorioz, "inbertsioa eta presentzia militarrari dagokionez Europatik gehiago" egiteko eta "AEBri erantzuteko" arrazoiak ugaritu direla adierazi du.

Danimarkako ministroak AEBk NATOn duten presentziaz eta zereginaz ere hitz egin du. Haren ustetan, Washington Aliantza Atlantikotik aterako balitz, Europaren segurtasunak "erronka erraldoia" izango luke aurrean.

Bestalde, sare sozialetan argitaratutako argitalpen batean, Mark Ruttek bilera hori aipatu du, eta "gai garrantzitsu horretan aliatu gisa lanean" jarraituko dutela adierazi du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X