Venezuelako aire-espazioa hegaldi komertzialei zabaltzeko agindu du Trumpek
Eguna amaitu aurretik beharrezko izapideak egiteko agindua eman du AEBko presidenteak. Bi herrialdeen arteko zuzeneko hegaldiak etenda daude 2019tik.
Aireratzeko prest dagoen hegazkin komertzial bat. Artxiboko argazkia: Europa Press
Venezuelako aire-espazioa hegaldi komertzialei zabaltzeko agindua eman du gaur, osteguna, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, Delcy Rodriguez Latinoamerikako herrialde horretako behin-behineko presidentearekin hitz egin ostean.
"Venezuelako presidentearekin hitz egin berri dut, eta Venezuelako aire-espazio komertziala berriro irekiko dugula jakinarazi diot. AEBko herritarrek Venezuelara bidaiatu ahal izango dute laster, eta han seguru egongo dira", azaldu du Trumpek, Etxe Zuriaren kabineteak izandako bilera batean.
AEBko presidenteak azaldu duenez, Pentagonoari eta Garraio Departamentuari beharrezko izapideak egiteko agindu die, eguna amaitu aurretik Venezuelako aire-espazioa berriro ireki ahal izateko.
Hegazkingintzako Administrazio Federalak (FAA) abisua eman zuen urtarrilean AEBko aireontzien hegaldiak debekatzeko Venezuelako aire-espazioan. Bi herrialdeen arteko zuzeneko hegaldiak etenda daude 2019tik.