Trumpek Irani eraso egiteko mehatxua berretsi du, Khameneik gatazka eskualde osora zabalduko dela ohartarazi ostean
Teheranekin gai nuklearren inguruan itun bat lortzea espero duela adierazi du AEBko agintariak, baina gehitu duenez, "akordiorik lortzen ez badugu, orduan jakingo dugu Khameneik arrazoia zuen ala ez".
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak berretsi egin du Irani eraso egingo diola, herrialde horretako agintariek gai nuklearrei buruzko akordio bat adostea onartzen ez badute.
"Zergatik ez dut, ba, hori esango?", erantzun dio Mar-a-Lagon (Florida) duen egoitzan bildutako prentsari, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenaren adierazpenei erreferentzia eginez.
Etxe Zuriko agintariak Irani ohartarazi dionez, "munduko itsasontzi handi eta boteretsuenak ditugu eskualdean, Ekialde Hurbileko herrialdetik egun pare batera".
Teheranekin ituna lortzea espero duela adierazi ostean, argi utzi du zer asmo duen: "Akordiorik lortzen ez badugu, orduan jakingo dugu Khameneik arrazoia zuen ala ez ".
Khamenei aiatolak Trumpi esan zion buruzagi estatubatuarrak "gerra bat" hasteko asmoa izanez gero, jakin dezala "eskualdeko gerra bat" izango litzatekeela.