Gatazkaren egunik "bortitzena" bizi izan dute Iranen eta Libanon
Bonbardaketak areagotu egin dira Iranen eta Libano hegoaldean, eta, dagoeneko, 1.250 hildako zenbatu dira, gehienak zibilak. Oraingoz, aldeek ez dute negoziatzeko asmorik agertu, nahiz eta Txinak eta Errusiak gatazka baretzea eskatu duten. Bien bitartean, Trumpek adierazi du Iranek minak jarri dituela Ormuzko itsasartean eta, kendu ezean, "inoiz ikusi gabeko ondorioak" egongo direla mehatxu egin du.
Teherango erreskate-taldeak, bonbardaketa baten ostean. Argazkia: Europa Press.
Hamaika egun igaro dira Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Irani eraso egin ziotenetik. Gatazka gogor bat abiarazi zuen horrek. Astearte honetan, martxoak 10, bonbardaketak areagotu egin dira Teheranen eta Libano hegoaldean. Hain zuzen ere, gaurkoa egunik "bortitzena" izango dela aurreratu du Pete Hegseth AEBko Gerrako idazkariak. Bitartean, Errusiak eta Txinak egoera baretzea eskatu dute, baina Iranek ukatu egin du AEBrekin negoziatzeko asmorik duela.
Gatazkak munduan dituen ondorio ekonomikoei dagokionez, gaur gasaren eta petrolioaren prezioak jaitsi egin dira, eta guztiak Iranen kontrolpean dagoen Ormuzko itsasarteari begira daude.
Bonbardaketa gogorrak, Iranen
Israelgo Armadak Irango "erregimenaren helburuen" aurkako bonbardaketak egin ditu astearte goizean, Teheranen. Gauean ere hiriburuko hainbat puntutara bonbak igortzen aritu dira.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ohartarazi duenez, Irango petrolio-instalazioen kontra egindako bonbardaketa horiek arriskuan jartzen dute herritarren osasuna, arnasbideetan eta azalean sortzen dituzten kalteengatik.
Halaber, Karoline Leavitt Etxe Zuriaren bozeramaileak esan duenaren arabera, Donald Trump presidenteak "ez du aukerarik baztertzen", eta mahai gainean dauka Iranen tropak hedatzeko aukera.
Libanoren aurkako erasoek jarraitzen dute
Teheranen aurka egiteaz gainera, Hezbollahren "azpiegiturak" bondardatzen ari da Israelgo armada Beirut hegoaldean, Libanoko hiriburuan.
Eraso horietan 570 pertsona hil eta 1.400 zauritu dira gatazka hasi zenetik, Libanoko Hondamendietako Arriskuak Kudeatzeko Unitateak jakinarazitako datuek diotenez.
Gainera, Errefuxatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren (ACNUR) arabera, 667.000 pertsonak beren etxeetatik alde egin behar izan dute.
Ormuz: "Bakea edo sufrimendua"
Mundu osoko begiak Ormuz itsasartera begira daude egunotan, gatazka honek planeta osoan sortzen dituen ondorio ekonomikak direla eta, bertatik igarotzen baita erregaien itsas merkataritza osoaren % 20-25 inguru.
Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak adierazi duenez, Ormuzko igarobide estrategikoa "guztiontzako bake eta oparotasuna izan daiteke, edo gerran tematzen diren horientzako porrota eta sufrimendua izango da", AEBri erreferentzia eginez.
Pentagonoak, bere aldetik, baieztatu du "hainbat aukera" aztertzen ari dela itsasarte horretan dabiltzan ontziak babesteko, baina ez du zehaztu noiz hasiko liratekeen defentsa-operazio horiek.
Astearte arratsaldean, berriz, Trump presidenteak iragarri du Iranek minak jarri dituela itsasartean, eta mehatxu egin du: "Minak kentzen ez baditu, inoiz ikusi gabeko ondorio militarrak" pairatuko ditu.
Negoziatzeko asmorik ez
Gideon Sa'ar Israelgo Atzerri ministroak adierazi duenez, bere herrialdeak ez du "amaigabeko gerra" bat nahi. Haren hitzetan, "dagokionean" AEBrekin hitz egingo du gatazkari amaiera emateko.
Telebista kate batean eman duen elkarrizketa batean, Donald Trumpek adierazi du Irango buruzagiek "hitz egiteko gogo handia" dutela aditu duela. Negoziazioei buruz galdetu diotenean, ordea, ez du erantzun argirik eman: "edukiaren arabera", esan du, eta gaineratu du ez dagoela "gehiago hitz egin beharrik, baina "posible" dela.
Bien bitartean, Teheranek ukatu egin du AEBrekin ezer negoziatzeko asmorik duela eta, Guardia Iraultzaileak zabaldutako ohar baten arabera, Iranek erabakiko du gerra noiz amaituko den.
Errusia eta Txinaren papera
Munduko potentzia handiek gatazka baretzea eskatu dute. Kremlinek ukatu egin du Vladimir Putinek bitartekari lana egingo duela, nahiz eta Errusiako buruzagiak bi aldeekin hitz egin duen: astelehenean Trumpekin eta asteartean Masud Pezexkian Irango presidentearekin.
Aitzitik, Txinako Atzerri Ministerioak onartu egin du "bitartekaritza aktiboa" egiten ari dela. Inplikatutako alderdiekin harremanetan jarraituko duela esan du, deseskalatzea eta negoziazio-mahaira itzultzea sustatzeko.
Irakeko Kurdistanen aurkako erasoak
Irango Guardia Iraultzaileak iragarri duenez, AEBko Armadak Irakeko Kurdistanen duen base baten aurka bost misilekin eraso egin du.
Bestalde, Abdul Latif Rashid Irakeko presidenteak eta Mohamed Shia Al Sudani lehen ministroak Iran babesten jarraitzen dute, eta Ali Khameneiren semea, Mojtaba, zoriondu dute Irango lider izendatu berritan.
Horrez gainera, Al Sudanik Marco Rubio AEBko Estatu idazkariari eskatu dio ez ditzala Irakeko lurrak erabili "inguruko estatuen edo eskualdearen aurkako ekintzak" egiteko, eta Iraken aire-espazioan sartu izana gaitzetsi du.
Iranek ukatu egin du Turkiari eraso diola
Recep Tayyip Erdoganekin izandako elkarrizketa batean, Pezexkianek ukatu egin du azken egunotan atzemandako bi misil balistikoak Iranek jaurti dituela.
Hala ere, Turkiak, NATOko gainerako kideekin lankidetzan, Patriot misilen aurkako defentsa-bateria bat eraman du Malatya probintziara, AEBk kudeatzen duen Aliantza Atlantikoko radar militar garrantzitsuenetako bat defendatu ahal izateko.
Zure interesekoa izan daiteke
Gutxienez 74 hildako Kolonbian, 7,4 graduko lurrikara baten ondorioz
Hildakoen kopuru handiena Risaralda departamenduan izan da oraingoz, 40 pertsona hil baitira; Cauca haranean, aldiz, 27 eta lau Chocon, lurrikararen epizentroa. Bogotan, Calin, Popayanen, Manizalesen, Armenian, Medellinen eta erdialdeko eta mendebaldeko beste hiri batzuetan ere nabaritu dute.
Schengen eremua bermatuta dagoela esan dio Aagesenek Italiari
Espainiako Gobernuko presidenteordeak azpimarratu du Ceutan sartutako migratzaileetako bat ere ez dela penintsulara iritsi.
Israelek baztertu egin du Trumpen Gazarako 15 puntuko plana
Netanyahuk esan du Hamas erabat armagabetu arte Israelgo Armadak ez duela Gazatik alde egingo, eta baztertu egin du Palestinako Estatua sortzea.
Ebola kontrolik gabe zabaltzen ari da Kongoko Errepublika Demokratikoan eta 1.850 hildako eragin ditu jada
Inoiz izandako agerraldirik larrienak 4.053 kasu baieztatu ditu dagoeneko, eta MOEk "premiazko" erantzuna eskatu du.
Abelardo de la Espriellak Kolonbiako Presidentetza hartu du
Eskuin muturreko presidente berriak Cali aukeratu du inbestidurarako, Bogota hautatu beharrean, eta talde armatu ilegalekin elkarrizketari amaiera ematea eta legez kanpoko laboreak fumigatuko dituela iragarri du.
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.