Giza eskubideak "gobernu suntsitzaileen" jopuntuan daudela ohartarazi du Amnistiak
GKEak nazioarteko zuzenbidearen aurkako erasoak, autoritarismoaren gorakada eta Gazako zein Ukrainako gatazketako zigorgabetasuna salatu ditu, besteak beste.
Amnistia Internazionalak ohartarazi du giza eskubideak, multilateralismoa eta nazioarteko zuzenbidea krisi larrian daudela, arauetan oinarritutako nazioarteko ordena ahuldu nahi duten “gobernu suntsitzaileen” jardunaren ondorioz.
Urteko txostenean, erakundeak Israelek Gazan egindako “genozidioa”, Errusiari Ukrainan egotzitako gerra krimenak eta Estatu Batuetako atzerakada demokratikoa salatu ditu, baita Iranen, Afganistanen, Sudanen eta Venezuelan gertatutako gehiegikeriak ere.
Amnistiaren idazkari nagusi Agnès Callamardek kritikatu du estatu askok urraketa horien aurrean isilik eta geldo jokatu izana, eta ohartarazi du mundu mailan ordena “arrazista, patriarkala eta eskubideen aurkakoa” ezartzeko saiakera dagoela.
Txostenak, halaber, gatazketan inplikatutako herrialdeei armak transferitzea gaitzetsi du, eta nazioarteko erantzukizun handiagoa eskatu du.