Erresuma Batuak erretzea debekatuko die 2008tik aurrera jaiotakoei
Legea datorren urtetik aurrera sartuko da indarrean, eta, horren arabera, legez kanpokoa izango da tabako-produktuak saltzea 2008. urtea ezkero jaiotakoei. Halaber, debekatu egingo da zigarro elektronikoak erretzea haurrak doazen autoetan, haur-parke, ikastetxe eta ospitaleen inguruetan.
Gizon bat, zigarro bat pizten. Artxiboko argazkia: EFE
Erresuma Batuak beste pauso bat eman du 2008tik aurrera jaiotakoei tabakoa erretzea debekatzeko. Atzo, Erresuma Batuko Komunen Ganberak eta Lorden Ganberak baiezkoa eman zien tabakoaren salmentari buruzko lege proposamenari.
Aurreikuspenak betetzen badira, legea datorren urtetik aurrera sartuko da indarrean. Horren arabera, legez kanpokoa izango da tabako-produktuak saltzea 2008. urtea ezkero jaiotakoei.
Gobernuak, gainera, tabako-produktuak (tabakoa, zigarro elektronikoak eta nikotina) arautzeko ahalmena izango du, horien ontziak, zaporeak eta publizitatearen ingurukoak barne.
Halaber, debekatu egingo da zigarro elektronikoak erretzea haurrak doazen autoetan, haur-parke, ikastetxe eta ospitaleen inguruetan.
17 urtetik beherakoei erretzeko debekua pozik hartu dute tabakismoaren aurkako elkarte nagusiek, baina oposizioko alderdi batzuek legea praktikara eramatea zaila dela kritikatu egin dute. Nigel Farage populistak, esaterako, hurrengo hauteskunde orokorrak irabaziz gero lege "inozo" hori indargabetuko duela hitzeman du.