Kurti lehen ministroaren alderdiak irabazi ditu berriz ere hauteskundeak Kosovon
Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa hauteslekuan, botoa ematera joan denean. Argazkia: EFE
Albin Kurti Kosovoko lehen ministroaren Vetëvendosje (Autodeterminazioa) alderdiak irabazi ditu igande honetan Kosovon egin diren hauteskunde legegileak, botoen % 41,24 eskuratuta, botoen % 40 kontatuta daudenean.
Atzetik geratu dira Kosovoko Alderdi Demokratikoa (PDK, % 21,93) eta Kosovoko Liga Demokratikoa (LDK, % 18,08), bozketari buruzko datu ofizialen arabera. Bitartean, Kosovoren Etorkizunaren aldeko Aliantzak % 8,31ko babesa lortu du.
Emaitza ofizialak ezagutu baino lehen, Kurtik botoa babestea eta herritarren borondatea errespetatzea eskatu du zenbaketan. "Gaurko hauteskundeetan herritarren borondatea hautetsontzien barruan dago eta horiek babestea ezinbesteko baldintza da hauteskunde prozesuaren legitimitate eta sinesgarritasunerako", adierazi du sare sozialetan.
Gainera, hauteskundeetako langileen eta behatzaileen lana goraipatu du. "Une honetan gure begiak, belarriak eta arreta zuengan daude, komisarioak eta behatzaileak. Erantzukizun instituzional handia eta noblea duzue bizkar gainean", gaineratu du.
Urte eta erdian hirugarren aldiz bozkatu dute Kosovoko herritarrek igande honetan, iazko otsailetik dagoen paralisi politikoa konpontzeko helburuz. Parlamentu ez dago erabat operatibo eta presidenteak ere ia ezin du erabakirik hartu, Kurtiren alderdiaren eta Kosovoko Alderdi Demokratikoaren (PDK) eta Kosovoko Liga Demokratikoaren (LDK) arteko desadostasun gaindiezinak direla eta.