Gutxienez sei lagun hil dira Alemanian adingabeen zentro batean izandako tiroketa batean
Poliziak hainbat zauritu daudela ere jakinarazi du. Operazioan zehar hiru pertsona atxilotu dituzte; horietako bat tiroen ustezko egilea da. Agintarien arabera, tiroketa ustezko delitugilearen alabaren zaintzari buruzko liskar baten ondorioz izan da.
Larrialdi zerbitzuak, tiroketa izan den lekuan. Argazkia: Europa Press.
Sei pertsona hil eta hainbat zauritu dira Alemanian, adingabeen arretarako zentro batean izandako tiroketa batean. Gertakaria astelehen honetako 12:10ean (bertako ordua) jazo da, Stade hirian, Saxonia Beherean. Poliziak jakitera eman duenez, operazioan 3 pertsona atxilotu dituzte, tartean tiroen ustezko egilea.
50.000 biztanleko hiria da Stade. Bertako poliziak "operatibo handi" baten berri eman du WhatsApp sare sozialean duen kanalaren bidez. Hasiera batean, gertakarien "eremutik irtetea" edo "saihestea" gomendatu die herritarrei. Ondorengo mezu batean, ez dagoela "arriskurik herritarrentzat" adierazi du.
Adingabeak eta amak babesteko zentro batean izan da tiroketa. Agintarien arabera, tiroketa ustezko delitugilearen alabaren zaintzari buruzko liskar baten ondorioz izan da.
Agintariek zabaldutako informazioaren arabera, bost pertsona hil dira gertakarien lekuan bertan. Seigarrena ospitalean hil da, zaurien ondorioz. Guztiak helduak dira.
Ustezko tiratzailea polizia-operazioan zehar atxilotu dute, "haren atzetik segika" ibili ondoren. Harekin zihoan emakumea eta hirugarren pertsona bat "neurri polizialen menpe" daudela jakinarazi dute.