Pertsona bat hil da eta lau zauritu dira Iruñean, zabor-kamioi batek harrapatuta
Gidariak ibilgailuaren kontrola galdu du Navarreria kalean, eta harrapaketa masiboa gertatu da. Zaurituak ospitalera eraman dituzte: bi oso larri daude, eta beste biek zauri arinak dituzte.
Harrapaketa, Iruñeko Navarreria kalean. Argazkia: Eduardo Sanz/Europa Press.
Pertsona bat hil da eta lau zauritu dira igande honetan, zabor-kamioi batek harrapatuta, Iruñeko Navarreria kalean. Lau zaurituak emakumeak dira eta horietako hiru Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman dituzte; laugarrena, aldiz, Doctor San Martin osasun-etxean artatu dute.
Lau emakume zaurituak premiaz eraman dituzte ospitalera. Horietako batek, 38 urtekoa, politraumatismoa du, ebakuntza egin diote eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) ingresatuta dago. Bizkarrezurrean lesio larriak ditu.
Bestalde, 30 urteko beste emakume batek ere politraumatismo larria izan du. Ebakuntza egin diote, eta ZIUn dago ingresatuta, hanketan dituen lesio larrien ondorioz. Horrez gain, 26 urteko emakume batek gorputz-adarretan traumatismoa izan du, eta Larrialdi Zerbitzuan artatu dute.
Azkenik, 29 urteko beste emakume bat San Martinen artatu dute hainbat kolpe zituelako, eta dagoeneko alta jaso du. Hildako emakumeari dagokionez, oraingoz ez da xehetasun gehiagorik eman.
Arratsaldeko 15:30ean, plaza jendez gainezka zegoela
15:30 aldera gertatu da istripua, beira batzen duen kamioi bat maldan behera kontrolik gabe joan denean. Dirudienez, ibilgailuak balazta-sisteman matxura izan du, eta, horren ondorioz, Katedralaren ingurutik Navarreria kaleko 16. zenbakiraino behera joan da kontrolik gabe. Kamioiko langilea ibilgailua jaisten ari zenean bertara igotzen saiatu da, baina ez du lortu.
Istripuaren lekukoek azaldu dutenez, ibilgailuak hainbat pertsona jo ditu eraikin bateko hormaren kontra talka eginez, Los Burgos de Iruña taberna ondoan.
Udaltzainek eta foruzainek kalea itxi dute, anbulantziei eta larrialdi zerbitzuei sarbidea errazteko. Izan ere, jendetza zegoen Iruñeko Alde Zaharrean, egunean zehar hainbat ekitaldi antolatu baitituzte.
Maria Chivite, "lur jota"
Maria Chivite Nafarroako presidentea "atsekabetuta" agertu da, Nafarroako hiriburuan izandako istripuaren berri izan duenean.
"Doluminak adierazi nahi dizkiet hildakoaren familari eta lagunei, eta animoak zaurituei, lehenbailehen sendatzea espero dut eta", adierazi du Chivitek X sare sozialean.
Horrez gain, Joseba Asiron alkatearekin harremanetan dagoela esan du, "beharrezkoa den guztian laguntzeko".
Hildako bat, bi zauritu larri eta bi zauritu arin izan den istripua, Iruñean. Argazkia: EFE.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera